Erleak babesteko, Asiako liztorraren inbasioa gelditu guran dabiltza

Anboto 2014ko aza. 6a, 11:22

Durangaldea ere inbaditu du Asiako liztorrak. Frantziatik sartu zen Europara duela lau bat urte, eta astiro-astiro hedatzen joan da, Euskal Herrira heldu arte. Iurretako suhiltzaileek hainbat irteera egin dituzte aurten, eta iazko liztor kopuruaren bikoitza ikusi dutela diote. Erleak dira Asiako liztorraren elikagai nagusia, eta, hemengo espeziea arriskuan ipini ahal duelakoan, inbasioa gelditzeko ahaleginetan dabiltza. Eguaztenean, Durangoko Tabirabide kaletik –Mañaria errekaren alboan– habia bi kendu zituzten Aldundiko Base Gorrikoek.


Azken asteetan Durangaldeko hainbat lekutan ibili dira suhiltzaileak: Iurretan, Berrizen eta Zaldibarren, adibidez. Atxondon, igerilekuen parean kendu zuten habia bat. Zabor poltsa batean sartzen dute habia, eta ostean desegin egiten dute. Tabirabideko habiak arbola altuetan zeuden, eta suhiltzaileek ezin izan zituzten kendu. Horregatik, Base Gorrikoek suntsitu zituzten eskopetekin. Liztor habia bat ikusiz gero, Base Gorrikoei edo suhiltzaileei deitzeko eskatu dute.

Base Gorrikoen ekintzaren ostean ere bizirautea lortu zuen liztorrik bazegoen Tabirabiden.  Bi eta hiru zentimetro artekoak izan ohi dira, eta gorputz beltza dute, atzealde horiagaz. Jateko, erlauntzetara joaten dira, eta erleak hegaz hartzen dituzte: asko euren habietara eroaten dituzte, liztor jaio berriei jaten emateko. Udazkenean hartzen dute tamaina handiena. Pertsonentzat ez ei dira oso arriskutsuak; ziztada asko jaso behar dira kalte egiteko. Baina, suhiltzaileek diotenez, kontuz ibili behar da, pozoia jaurtitzen dutelako.

Neguan hil egingo dira gehienak, baina liztor erreginak ezkutatu egingo dira, datorren urtean habia berriak sortzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!