Txirrindularitzan berdintasuna eskatu dute emakumeek

Anboto 2014ko urr. 30a, 13:17

“Nekatuta gaude emakumeok gure kirolean betetzen dugun paperagaz, eta gauzak aldatzeko sasoia dela uste dugu”. Esaldi horregaz hasten da emakumezko txirrindulari askok sinatu, eta Bizkaiko Txirrindularitza Federaziora bidali duten idatzia federazioaren sostengu eske.

'Bizikletan ere berdintasuna taldea' da idatziaren egilea. Laudioko ziklo-kros proban protestak hasiko dituztela diote, eta Bizkaiko Federazioaren laguntza izatea espero dutela. 25 txirrindularik sinatu dute idatzia, baina atzetik gehiago daudela diote. Sinatu dutenen artean daude Naia Alzola, Ziortza Isasi eta Aroa Gorostiza. Espainiako Federazioko lasterketa batean banatutako sariak jartzen dituzte adibidetzat. Gizonen artean 2.585 euro banatu ziren, eta emakumeen artean 748 euro: “Gizonak eta emakumeak, emakumeak eta gizonak berdin ordaintzen dugu gure kirol lizentzia, berdin ordaindu gura materiala edo eta lehiatzeak ekartzen dizkigun gastu guztiak. Berdin botatzen dugu izerdia, berdin zikindu ziklo-krosetan edo eta sufritu entrenamenduetan. Baina gero ez ditugu eskubide berdinak eta  ez dugu errespetu berdina jasotzen… eta aski da. Nola ulertu koadro honek (behealdeko dokumentoan) erakusten dituen ezberdintasunak? Nola ulertu gure karrera propio bat ezin edukitzea?”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!