Gazteen enpresak bultzatzeko 55.000 euro bideratuko ditu Amankomunazgoak

Anboto 2014ko urr. 20a, 13:06

Eguenean burututako osoko bilkuran hainbat diru-laguntza onartu zituzten Amankomunazgoan. 165.000 euro emango dituzte, eta horietatik 70.000 lan arloa sustatzeko izango dira.

16 eta 29 urte arteko gazteen enpresa proiektuak bultzatzeko 55.000 euro erabiliko ditu Amankomunazgoak. Udalek eta Aldundiak ere babesten duten Jar Zaitez Martxan kanpainaren barnean kokatu dute diru-laguntza, prentsa ohar bidez azaldu dutenez. Guztira 70.000 euro ipini dituzte lan arloko dinamiketarako.

Laguntza guztiek gobernukoen zein oposizioan dagoen Bilduren aldeko botoa jaso zuten. Aisialdian euskara indartzen duten taldeentzako 10.000 euro gorde dituzte, eta euskara sailean beste 6.000 euro ere eskura edukiko dituzte. Desgaitasunen bat daukaten pertsonekin lan egiten duten elkarteei 28.000 euro emango dizkiete. Kirolean 51.000 euro egongo dira, Abadiñoko trinketea, Berrizko belodromoa edo Durangoko atletismo pista erabiltzen dituzten kluben artean banatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!