Arineketan eginez, euskaraz bizi gura dutela aldarrikatuko dute Berrizen eta Zornotzan

Anboto 2014ko urr. 1a, 09:20
Zornotzan iaz egindako lasterketa. Argazkia: Nañon Zorrontzan Euskaraz

Domekarako lasterketa herrikoiak antolatu dituzte bi herrietan, Kontseiluaren "Euskaraz bizi nahi dut!" kanpainagaz bat eginda. Arineketan egin eta gero luntxa eta opari zozketa egingo dute Berrizen eta Zornotzan.

 

"Euskaraz bizi nahi dut!" dioten kamiseta beltz ugari ikusi ahalko dira domeka goizean, Berrizen eta Zornotzan. 11:00ak aldera igarriko da mugimendua bi herrietan. Berrizen 10:45etik 11:15era egongo da aukera lasterketan izena emateko Olakueta plazan, eta Zornotzan 11:00etan ipini dute hitzordua Zubiondo plazan. Bi lekuetan kamisetak erosteko aukera egongo da.

Berrizen, Berrizburun hasiko dute lasterketa. Horrela, Olakuetan izena eman eta gero trikitilariekin igoko dira Berrizburura. Handik 11:30ean irtengo dute arineketan plazaraino. Luntxa eta oparien zozketa egingo dute plazan.

Zornotzan, Zubiondo plazan izena eman eta gero, 12:00etan hasiko da lehenengo lasterktea. Hiru kategoriatan banatuta egingo dute korrika. Lehenengo 6 urtetik beherako umeek 200 metroko ibilbidea egingo dute. Gero, 7 eta 17 urteko gazteek kilometro batekoa. Helduentzako 5 kilometroko ibilbide bat prestatu dute. Lasterketaren amaieran, sari-banaketa egingo dute eta talde-argazkia aterako dute.

'Euskeraz bizi nahi dut!' kanpaina Kontseiluak antolatzen du eta herri lasterketak kanpainaren barnean daude. Kontseiluagaz elkarlanean, Berrizen, Euskararen Aholku Batzordeak eta udalak antolatu dute lasterketa, eta Zornotzan, Nañon Zorrontzan Euskaraz euskara taldea dabil antolaketa lanetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!