Gasteizerako autobus linearen arazoa Legebiltzarrera eroan dute

Anboto 2014ko ira. 25a, 13:35
EH Bilduko alkateak eta erabiltzaileak, Eusko Legebiltzarrean.

EH Bilduko Dani Maeztuk eskatuta, Gasteizerako linearen gaia aztertu zuten Eusko Legebiltzarrean, eguaztenean. Izurtzako, Mañariko eta Otxandioko alkateak eta erabiltzaile batzuk euren egoera zein den azaltzera joan dira.

Ana Oregi sailburua Garraioaren Euskal Behatokiko presidentea ere bada, eta EH Bildukoek uste dute koordinazio mahai horrek baduela zer esana: “Probintzien arteko arazo bategatik, herri batzuetan zerbitzu duinik barik gaude”, adierazi zuen Endika Jaiok. Arabako Foru Aldundiak esleitu du Durango-Gasteiz linearen kontratu berria, baina erabiltzaile gehienak bizkaitarrak dira; Durangaldekoak, hain zuzen ere.

Nekane Rozas erabiltzaile durangarrak berba hartu zuen, zelako egoera bizi duten azaltzeko. “Berdin digu eskumena norena den, ez gara alderdikerietan sartuko. Arazoa konpontzea gura dugu”.

Espainiaren eskumena
Linea berria Gasteiztik pasatu,  eta Mirandaraino doa (Burgos). Horregatik, Oregik adierazi zuen Espainiako garraio arloak daukala orain eskumena. Hala ere, Garraioaren Euskal Behatokian gaia aztertzeko konpromisoa hartu zuen. “Adi egongo gara”, esan zuen Jaiok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!