Zabu Zibu: Jolas dinamizazioak Durangaldeko jolas parkeetan

Anboto 2014ko ira. 23a, 09:43

Irailaren 17an hasi dute Zabu Zibu egitasmoa, Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuaren eskutik. Ekimena 3-5 urte arteko umeei eta gurasoei dago zuzenduta. Jolastokietako eta parkeetako jolas saioak dinamizatzeagaz batera euskararen erabilera bultzatzea da helburua. Datuen arabera, Durangaldeko familien %61,75 gaztelaniaz mintzo da etxean.

 
Arrazoi ugari egon daitezke horretarako: guraso euskaldunek sarritan ez dute behar adina baliabide seme-alabekin euskaraz jolas egiteko; haur eta gazte askok ez dute bizitasunik aurkitzen euskaraz lagunartean komunikatzeko garaian; eta euskaraz aritzeko ohitura falta da, adibidez.  

Iaz abiatu zuten lehenengoz Zabu Zibu programa, Durangaldeko jolas parkeetan. Egitasmo horri esker, euskararen familia transmisioa jolasaren bidez landuko da hainbat modutan. Izan ere, hizkuntzaren transmisioa ez da soilik gurasoengandik umeengana ematen, ia denok uste dugun bezala; etengabe ari gara hizkuntza transmititzen: gurasoek umeei eta alderantziz, umeek beste ume batzuei eta gurasoek beste guraso batzuei, esaterako.  Ekintza ludiko hauen bitartez, euskararen transmisioa indartu nahi du Amankomunazgoak, guraso zein umeei horretarako baliabideak emanda.


“Euskararen transmisioa lantzeko oso interesgarriak dira honelako ekimenak”, azaldu du Oskar Zarrabeitiak, Amankomunazgoko lehendakariak. Zabu Zibu egitasmoak jolasaren bitartez euskararen familia transmisioa lantzea du helburu; hori lantzeko, Urtxintxako dinamizatzaileen eskutik, haurrek zein gurasoek hainbat jolas ikasiko dituzte. Egitasmoa 3 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago, eta, aipatutako helburuan eragiteko, beharrezkoa da familiakoen edo gurasoen parte-hartzea, eurak direlako gazteen erreferentzia.

Egitasmoari buruzko informazio guztia www.durangaldeaeuskaraz.eu webgunean egongo da ikusgai.

Kronograma

• ABADIÑO
ORDUA: 17:00-18:00.
EGUNAK:
Urriaren 7an eta 14an Traña-Matiena herri eskolako jolastokian.
Irailaren 18an eta 25ean Zelaieta herri eskolako jolastokian.

• ATXONDO
ORDUA: 16:00-17:00.
EGUNAK:
Urriaren 3an eta 17an Atxondoko eskolan.

• BERRIZ
ORDUA: 16:15-17:15.
EGUNAK:
Irailaren 23an, 30ean eta urriaren 2an eskolako jolastokian.

• DURANGO
ORDUA: 17:00-18:00.
EGUNAK:
Irailaren 17an Zabalarra eskolan.
Irailaren 18an Landako eskolan.
Irailaren 22an Nevers ikastetxean.
Irailaren 23an San Jose-Jesuitak ikastetxean.
Irailaren 25ean Kurutziaga ikastolan.
Irailaren 24an San Antonio-Santa
Rita ikastetxean.
Urriaren 2an eta 9an Ezkurdi plazan.
Urriaren 10ean Ezkurdi plazan. Txantxarien Jaia. ORDUA 17:30.

• ELORRIO
ORDUA: 16:30-17:30
EGUNAK:
Azaroaren 7an Txintxirri ikastolan.
Azaroaren 14an Maria Bitartekon.
Azaroaren 21ean Herri Ikastetxean.
Azaroaren 28an herriko plazan.

• IURRETA
ORDUA: 16:30ean.
EGUNAK:
Urriaren 24an eta 31n Maiztegi herri eskolako jolaslekuan.

• MAÑARIA
ORDUA: 17:30ean.
EGUNAK:
Irailaren 19an eta 26an herriko plazan.

• ZALDIBAR
ORDUA: 16:15.
EGUNAK:
Urriaren 9an, 16an eta 23an eskolako jolastokian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!