Generaciones arte saria jaso du Karlos B. Martinezek

Anboto 2014ko uzt. 22a, 13:07

Artista gazteek aurkeztu dituzten 650 proiektuetatik hamar aukeratu dituzte Caja Madrid fundazioak antolatzen duen Generaciones lehiaketan. Karlos B. Martínez durangarrarena izan da aukeratutakoetako bat, eta 12.000 euroko saria eskuratu du Textile from exile izenburuko proiektua gauzatzeko. Otsailean Madrilgo La Casa Encendida aretoan aurkeztuko du lana.

 

Alemaniako 1920ko hamarkadako Bauhaus eskolaren eta Marokon ehungintzan lan egiten duten emakumeen inguruko lana sortu gura du Martinezek. Euren eskulanak merkaturatzeko kooperatiba txikietan elkartzen ari diren Marokoko Atlas inguruko emakume alfonbragileen istorioa hartuko du lana abiatzeko oinarri: “Bi sasoitan antzeko materialagaz eta sentsibilitateagaz diharduten errealitate bi erakustea da daukadan asmoa”, kontatu du artistak. Besteak beste, generoaren gaia landuko du izaera sozialeko proiektu artistikoan. Ideiaren emaitza, eta hartuko duen forma zein izango den zehaztu barik dauka Martinezek oraindik, baina badabil adierazpide garaikide aproposaren bila.

Bilbao Arteren beka
Austrian proiektu artistiko bat lantzeko Bilbao Artek ematen duen beka ere jaso berri du Karlos B. Martinezek. Herrialde horretan beste proiektu bat gauzatuko du irailean eta urrian. “Eskultura ere izango den film bat” egin nahi du, “denboragaz eta espazioagaz jolastuta”. Pozik joango da Austriara, zinema esperimentalaren eta arte garaikidearen gune inportanteetako bat delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!