Frackingaren kontrako 2.500 sinadura batu dituzte, eta kanpainak aurrera darrai

Anboto 2014ko uzt. 9a, 09:25
Fracking Ez Durangaldeko kideak, domeka honetan, Elorrion sinadurak batzen.
Durangaldeko Frackingaren kontrako taldea apirilaren amaieran hasi zen sinadurak batzen: "Herritarrengandik jasotako babesa eskertzekoa da".

 

Fracking Ez plataformak sinadura bilketa abiatu zuen, Gasteizko Legebiltzarrean herri ekimen legegile bat egin guran. Izan ere, erakunde horrek ez du haustura hidraulikoan oinarritzen den gas ustiapeneko sistema debekatu. 30.000 sinadura behar ziren, eta mugimenduko kideek adierazi dute dagoeneko igaro dutela muga. Durangaldean apirila amaieran hasi ziren sinadurak batzen, eta 2.500 batu dituzte. Eskualdean frackingerako baimenak eskatu dituzte, eta “Jaurlaritzak edozein momentutan eman ditzake”, azaldu dute.

Babesa eskertu dute Fracking Ez Durangaldea plataformakoek: “Herritarrengandik jasotako babesa goraipatzekoa izan da. Askok egoeraren berri jakin izan du gure plataformak egindako hitzaldi eta mahai informatiboetan”. Dena dela, kanpainagaz jarraituko dute irailaren 14ra arte, kontzientziazioa ere badutelako helburu. Sinatzeko leku finkoak ere egongo dira Durangon: Hitz liburu denda, Izarbide denda ekologikoa eta Marisatsaren egoitza. Bestelako ekimenak ere badaude abian: gaur fotomatoia egingo dute Durangoko Andra Marian; etxeko balkoietan banderak eskegitzeko eskatu dute; eta oporretan argazkiak atera eta frackingezdurangaldea@gmail.com helbidera bidaltzea ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!