Silvia Trigueros abadiñarra garaile Hiru Haundietan

Anboto 2014ko eka. 16a, 13:51

12 ordu eta 48 minututan bete zuen Silvia Trigueros abadiñarrak Hiru Haundietako ibilibidea. Emakumeetan lehenengoa izan zen Gorbea, Anboto eta Aizkorri zeharkatzen.

Team race land taldeko abadiñarrak Hiru Haundiak lasterketa ezaguna irabazi du asteburuan. Gorbea, Anboto eta Aizkorri zeharkatzen ditu, eta ehundaka mendizalek parte hartzen dute. Urte birik behin antolatzen dute lasterketa, eta duela urte bi hirugarren sailkatu zen Trigueros.

Bariku gauez, 00:00etan, hasi zuten proba eta 12 ordu eta 48 minutu beranduago helmugan sartu zen Trigueros. Bere atzetik sartu ziren Elena Calvillo eta Jone Urkizu, bigarren eta hirugarren hurrenez hurren. Gizonen artean Javi Dominguez gasteiztarra izan zen txapelduna. 11 ordu eta 15 segunduan.

Durangaldeko mendi lasterkari ugarik parte hartu du Hiru haundietan, eta sailkapen guztiak webgunean ikusgai daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!