Abadiñon, Elorrion eta Zaldibarren ere ipiniko dute bosgarren kontainerra

Anboto 2014ko eka. 3a, 15:48
Hondakin organikoa batzeko erabiltzen den kontainer marroia, bosgarrena, Elorriora, Zaldibarrera eta Abadiñoko Zelaieta eta Muntsaratzera ere ailegatuko da hurrengo urtean. Amankomunazgoaren eskutik Iurretan eta Traña-Matienan egon da urtarriletik hona edukiontzi hori, eta ekimenaren balantzea egiteko prentsaurrekoa eskaini dute arduradunek.

Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak esan du ekimena arrakastatsua izan dela, eta horregatik balorazio positiboa egin dutela. 348 familia dabiltza parte hartzen, etxean sortzen duten zabor organikoa kontainer marroian sartzen. 157 dira iurretarrak, eta 191 matienarrak. Aurreikuspenak gainditu direnez, batzuek itxaron zerrendan egon behar izan dute duela gutxi arte. Gainera, hamazortzi taberna edo denda ere gehitu dira. Amankomunazgoak Inguru izeneko enpresa kontratatu zuen kanpaina zabaltzeko, eta bertako Leire Zuazok azaldu du hiruna foro egin dituztela eremu bietan. Organikoa batzeko kuboa eta poltsak doan banatu dituzte, eta erabiltzaile bakoitzak giltz bat dauka, kontainerrak itxita daude-eta.

75 familia konpostajean
Bosgarren kontainerragaz batera, auzoetan autokonpostajea egiteko aukera eman zuten. 75 lagunek eman zuten izena, eta prozesuaren jarraipenaz arduratu den IK4-Azterlaneko Ander Areitiourtenak adierazi du konpostagailu denak martxan daudela. “Ikusi dugu jendea pozik dagoela”, dio teknikariak.  Horiei ere materiala eta formazioa eman zizkieten.  Iurretako suhiltzaileak eta lau ikastetxe ere batu dira proiektura; Iurretako Juan Orobiogoitian eta Traña-Matienako eskolan badabiltza erabiltzen, eta Maiztegin eta Abadiño Institutuan hurrengo kurtsoan hasiko dira. Ez da lehenengo konpostaje esperientzia; 2012tik Izurtzan eta Mañarian dabiltza 50 etxetan.

Tokiko Agenda 21eko Ismene Mandalunizek ere balantze ona egin du egitasmo orokorraz: “Jendearen harrera eta interesa oso altua izan da”. Kontainerraren kasuan, batzuk itxarote zerrendan egon direnez, auzokideagaz konpartitu dutela nabarmendu du adibide lez. Oraindik ere badago ekimenean parte hartzeko aukera, 94 623 25 22 telefonora deituta.

Zarrabeitiak kontatu duenez, proiektua osorik dago diruz lagunduta, Aldundiaren partetik. Orain, Abadiñora, Elorriora eta Zaldibarrera ere zabaltzeko laguntza eskatuko dute. Ez du data zehatzik eman, baina segurutik 2015agaz batera burutuko litzateke hedapena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!