Argazkian ikusten denez, Fredy Mercury zara ikuskizunean, ezta?
Nik ez nuke hori esango. Cabaret Chihuahua, batez ere, horixe da: kabareta. Horrek dakarren sarkasmo, ironia, kritika, musika eta umore guztiagaz. Aktoreok ipintzen dugu hori guztia. Musika kanta ezagunen moldaketek osatzen dute, eta pianista batek eskaintzen du zuzenean.
Zein da lanaren istorioa?
Durangar baten istorioa da: gaupasa baten ostean, Urkiolatik behera datorrela, istripu bat izan duen durangar baten istorioa. Chihuahua kabaretean amaituko du, eta hor hainbat pertsonaia agertuko zaizkio. Zer izan nahi duen erabakitzea da bere dilema.
Kasualitatea da protagonista eta zu durangarrak izatea?
Pabellón 6 proiektuaren barruan sorturiko lana da. Testua Felipe Lozak idatzirikoa da: besteak beste, Bilbao, bilbao edo Sinvergüenzas lanen egilearena. Zineman, Ramon Barearen El coche de pedales filmean ere ariturikoa da, besteak beste, Loza.
Bilbon arrakasta itzela eduki du emanaldiak, ezta?
Bai, sei mila lagunek baino gehiagok ikusi dute lana Bilboko Pabellón 6 aretoan: 55 emanaldi eskaini ditugu. Estreinatu genuenetik pentsatzen genuen jendeari gustatuko zitzaiola; izan ere, geu ere asko gozatzen ari ginen, baina benetan ezin hobea izan da ikusleen erantzuna.
Zergatik izan du arrakasta?
Batetik, ikuskizunaren kabaret izaeragatik eta, bestetik, Pabellón 6 proiektuaren esperientziagatik. Jende guztia egon da oso gustura hango giroan. Pabellón 6 aretoko argi leunak eta taberna giroak laguntzen du emanaldietan distentsio giroa sortzen; jendeak trago bat har dezan geldialdia egiten dugu, rantxerak ipintzen ditugu... Izan ere, antzokira joateko trajea jantzi beharrik ez dagoen arren, teatroak oraindik ere badauka seriotasun puntu hori. Bestalde, oso barregarria da ikuskizuna, eta egia biribilak esaten ditugu. Ikuskizunaren sloganak dioen bezala, apur bat zombia den musikal euskal-mexikarra da gurea. Krisi sasoirako aproposa.
Goraka joan da ikuskizunaren inguruko tenperatura.
Bai, Bilboko Aste Nagusian hasi ginen, eta orduan ez zen publiko gehiegi etorri ikustera –jendea jaiei begira zegoen batik bat, antzerkirako gogoz baino–. Baina denbora kontua izan da ahoz ahoko zabalkundea hastea: horri esker, sekula antzerkira edo Pabellon 6 aretora etorri bako jende asko hurreratu zaigu.
Geure buruaz barre egiteko prest joan behar dugu ‘Cabaret Chihuahuara’, ezta?
Bai, noski! Horixe delako ikuskizunaren ardatza! Euskal idiosinkrasiaz barre egiten dugu, eta kasualitatez, gainera, pertsonaietako bat durangarra da.
Jendeak zer komentario egin izan dizue lana ikusitakoan?
Pabellón 6 aretotik irten bagara, hain zuzen, jendearen harreragatik izan da: jendeak ateratzera animatu gaituelako. Zortzi aktore daude ikuskizunean eszenan, eta ez da saltzeko erraza den ikuskizuna; garestia da. Antzokiek ere ahalegina egin behar izan dute ikuskizun hau programatzeko. Obra ikusi duten programatzaile guztiek agertu dute erakusteko interesa, eta elkarrekin lan egiteko, hau zabal dadin.
Aurretik bazenuen kabaret batean esperientziarik?
Lehenengo aldia dut honelako lan batean; nahiko berria izan da, erronka interesgarria.
Noiztik hartzen duzu parte Bilboko Pabellón 6 proiektuan?
Hasieratik, proiektua abiatu zenetik. Ramón Barearen ideia bat dago aretoaren eta ekimenaren oinarrian: aktoreok gure lanak antzezteko espazio finko bat izatea da ekimenaren ardatza. Ikuskizunak espazio batean mantentzea da helburua: emanaldia ez dadila egun bateko kontua izan. Aktoreon beharrizanetik sorturikoa da, baina publikoaren erantzunak erakusten du hutsune hori bazegoela. Lehenengo urtean askotariko programazioa eskaini genuen, eta bigarren urtetik aurrera geure ekoizpen propioak egin ditugu.
Urte asko daramazu antzerki ibilbidean murgilduta.
Bai, hain justu, hil honetan bete dira 30 urte lehenengoz oholtza batera igo nintzela. Institutuko Sapuerri antzerki taldeagaz egin nuen lehenengo lan amateurra. Duela 10 urte, ostera, Teatro Mutante proiektua abiatu genuen. Krisi sasoi honetan ez dugu ikuskizun propiorik, eta, batez ere, beste talde batzuekin jardun gara koprodukzioan. Era berean, hamar urte dira El arquitecto y el emperador de Asiria lanagaz Durangoko agertoki batean azkenengoz aritu nintzenetik.
Baduzu urduritasun berezirik Durangon berriro aritzegatik?
Jendea animatzen jardun naiz azken egunetan, ikustera etorri dadin, eta, egia esan, badaukat urduritasun puntu berezi bat. Urteotan nire lanari buruzko interesa agertu duen jende guztia animatuko nuke aukera hau aprobetxatzera eta San Agustinera etortzera.