Amankomunazgoak ingurumen aholkularitza eskaini dio 91 enpresari

Anboto 2014ko api. 2a, 12:00
Ondoan aholkularitzako Nahia Bilbao, Leire Retolaza eta Agustin Espartagaz batera, Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidentea, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea eta Augusto Uriarte (Behargintza)
Ingurumen arloko araudia betetzea, eta enpresak lehiakorragoak izatea da ekimenaren helburua. Laguntzara bideratutako ekintzen balorazioaz berba egin dute prentsaurrekoan.

 

2012 eta 2013 urteetan Amankomunazgoak aholkularitza zerbitzua ipini zuen martxan, Durangaldeko enpresek ingurumen arloan indarrean dagoen araudia behar bezala bete dezaten, eta lehiakorragoak izan daitezen. Proiektuaren balorazioa publiko egin dute prentsaurreko bidez. Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidenteak, Augusto Uriarte Behargintzako arduradunak eta Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak gaiaren inguruko datuak ezagutarazi dituzte.


Ingurumen aholkularitza arloan, eskualdeko 91 enpresatan diagnostikoak eta laguntzara bideratutako ekintzak landu dituzte. Durangaldeko zortzi herritako enpresek proiektuagaz bat egin dute: Abadiño, Atxondo, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar.


Proiektua hiru fasetan garatu dute. Lehenengo fasea, zerbitzua planifikatzera bideratu dute. 128 enpresatako espedienteak aztertu ondoren, ekimenean parte hartu duten enpresak hautatu dituzte. Bigarrenean, diagnostikoa egiteaz gainera, enpresak bisitatu eta bakoitzak jarraitu beharreko bidea zehaztu dute. Eta hirugarrenean, laguntzara bideratutako ekintzak jarri dituzte martxan, enpresa bakoitzak bere buruari ezarritako helburuak bete ditzan.


Diagnostikoaren fasean, 91 enpresa bisitatu dituzte, eta hasierako 39 diagnostiko eta enpresa bakoitzaren neurrira egindako 6 ibilbide osatu dituzte. Era berean, 55 enpresari 79 ekintzekin laguntza eskaini diote: baimen eskaerak eta proiektuen memoriak erredaktatzen lagundu diete, adibidez.ç


Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko presidentearen berbetan, martxan jarritako ekimenak lorpen ugari izan ditu. Hainbat arrazoi direla medio, etenda zeuden espedienteak desblokeatzea lortzeaz gainera, gune berean dauden enpresentzako irtenbide bateratuak jarri dituzte martxan. Gainera, enpresa bakoitzari bere izaeraren eta beharren araberako zerbitzu pertsonalizatua eskaini diote. Bestalde, ingurumen arloan dauden baldintza berriak ezagutarazi dituzte, eta aplikagarriak diren aztertu dute.


Udaletxeekin lanean
2013ko urtarrilean ordura arte egindako lana azaldu zieten udal ordezkariei, eta urtean bertan egin gura zituzten jardueren berri eman zieten. Enpresa bakoitzaren egoeraren inguruko informazioa ere helarazi zieten. Gainera, udal teknikariei zuzendutako formazio jardunaldia antolatu zuten ekintza eta irekiera lizentzien inguruan.


Proiektua amaituta, Amankomunazgoko arduradunak udaletako ordezkariekin bildu dira, eta pozik daude emaitzagaz. Uriarteren ustez, “parte hartu duten udaletako alkateen balorazioa oso ona izan da”.
Iñaki Totorikaguena alkateak Iurretako enpresen esperientzia azaldu du. “Orokorrean oso esperientzia ona izan da. 13-14 enpresari eskaini diote aholkularitza”. Gaineratu du Iurretan enpresa txikiek ez dutela ingurumenera bideratutako sailik, eta ingurumen araudia betetzeko aholkularitza premiazkoa dela.

Aurrekariak
Amankomunazgoak Udaltalde 21 eta Udal Agenda 21 martxan jarri zituenean, gizarte eragileekin hartu-emana estutzeari ekin zion. Eta enpresak ere dinamika horretan integratzea garrantzitsua iruditu zitzaion.


Amankomunazgoak 2010ean arlo honetan esperientzia pilotu bat jarri zuen abian. Ingurumen arloan aholkularitza tekniko eta juridikoa eskaini zien Durangaldeko 24 enpresari. Enpresa horiek jarduera sailkatuetan ziharduten, eta ez zuten araudia betetzen. Diagnostiko pertsonalen bidez legea betetzeko hartu beharreko neurriak azaldu zizkieten. Zarrabeitiak dioenez, “esperientzia oso positiboa izan zen. Hala ere, zerbitzu hau indartzeko beharraz ohartu ginen, enpresek ezarritako helburuak bete zitzaten”.

Proiektuak 192.563,79 euroko kostua izan du. Europako Gizarte Funtsak finantzatu du erdia, eta beste erdia Amankomunazgoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!