Antzerkian maskarak zelan baliatu landuko dute Javier Obregónegaz

Anboto 2014ko urt. 10a, 14:30

Banarte antzerki taldeak maskara tailerra eskainiko du, formazioaren alorrean egiten duen eskaintzaren barruan. Besteak beste, Geroa, Kukubiltxo edota Gorakada antzerki taldeekin lan egin izan duen Javier Obregón aktore eta eszenografoak gidatuko du tailerra, antzezlanetarako txotxongilo eta attrezzoak sortzen, adibidez, urte askotako esperientzia duen artistak. Urtarrilaren 14an abiatuko dute, eta oraindik ere eman daiteke saioetan parte hartzeko izena.

Tailer honen aurretik, maskara neutroari buruzko ikastaroak eskaini izan ditu Banartek: aktoreen entseguetarako tresna gisa landu izan dute maskara.  Baina Rafa Herce Banarteko kideak azaldu duenez, tailer berri honetan, pertsonaia bat sortzeko eta oholtzara eramateko bitarteko moduan landuko dute maskara: “Parte hartzaileek ikasiko dute buruan duten pertsonaia antzezteko maskara zelan pentsatu, egin eta erabili”.

Datozen bi hilabeteetan eskainiko dutena, parte biko ikastaroa izango dela aurreratu dute antolatzaileek: batetik, maskara euren eskuz fabrikatuko dute tailerrean parte hartzen duten aktoreek, eta, bestetik, antzerki lanean zelan baliatu landuko dute bigarren partean. 

Banarte antzerki taldearen lokalean (Abadiñoko Muntsaratz auzoan) eskainiko dute maskara ikastaroa, otsailaren 26ra arte, martitzenetan, 18:30etik 21:00etara. Antolatzaileek azaldu dutenez, gutxienez 5 eta gehienez 15 ikaslek parte hartu ahalko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!