Goi mailako estanpazio ikastaroa sortu dute langabezian dauden injineruentzat

Anboto 2013ko abe. 13a, 09:42
Hamabi lagunek jasoko dute gehienez. Lanbideren diru-laguntza bati eskerrak garatuko du ikastaroa Azterlanek. Behargintzak eta Durangaldeko Enpresen Elkarteak ere babestu dute egitasmoa

Hamabi lagunek jasoko dute gehienez. Lanbideren diru-laguntza bati eskerrak garatuko du ikastaroa Azterlanek. Behargintzak eta Durangaldeko Enpresen Elkarteak ere babestu dute egitasmoa.

 

Urtarriletik aurrera, estanpazioaren inguruko ikastaro aurreratua jasoko dute hamabi injineruk. Urtebeteko iraupena edukiko du, eta lan teorikoaz gainera lan praktikoa ere egin beharko dute zenbait enpresatan. Ikastaro berria da, eta helburu bigaz asmatutakoa: kalitatezko lana sortzea eta Durangaldeko estanpazio sektorea indartzea.

 

Izan ere, ikastaroaren oinarrian Durangaldeko Lehiakortasun Poloak egindako hausnarketa dago. Behargintzak, Durangaldeko Enpresen Elkarteak eta Azterlanek osatzen dute elkargune hori. Eskualdeko industria sarean, sektore garrantzitsuena estanpazioa dela diote, eta horri laguntzeko bide bat da. Enpresetan ikusitako beharrizanen arabera erabaki dute ikastaroa egitea. Azaldu dutenez, teknologia berrienekin lan egiteko kapaz diren injineru teknikoak behar dituzte. Horregatik, ikastaroan hainbat adituk emango dute klasea. Alde batetik Azterlaneko ikerlariak egongo dira, eta bestetik, atzerriko injineruak. Informazio teorikoaren ondoren, enpresetan proiektu zehatzak garatzea eskatuko diete. Horrez gainera, enpresa batzuetan lanean dauden bost teknikok ere parte hartuko dute ikastaroan.

 

Amankomunazgoaren Behargintza zerbitzuaren izenean Oskar Zarrabeitiak, Azterlanetik Julian Izagak eta Lanbidetik Armando Reyesek aurkeztu dute ikastaroa. Izagak adierazi du Durangaldea ekonomikoki eremu garrantzitsua dela, eta erreferentzi hori indartu behar dela. Bere arabera, Barne Produktu Gordinaren indizean ekarpen handia egiten da eskualdetik. Estanpazioan enpresa asko daudela gogoratu du; tartean, Gestamp lako enpresa handiak. Gestampek Mercedesen furgoneta berrirako lan egingo duela aurreratu du Izagak.

 

Reyesen arabera, mezu elektronikoa bidali diete Lanbiden izena emanda dauden injineruei, eta dagoeneko batzuek agertu ei dute interesa. 30 injinerutik gora daude izena emanda. Lanbideren webgunean ere badago informatzeko aukera.

 

Zarrabeitiak adierazi du "enpresen errealitatea hobetzeko helburuz" egingo dela ikastaroa. Etorkizunerako hainbat aukera eragin ahal dituela uste du, dibertsifikaziorako edota produktuen hobekuntzarako, besteak beste.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!