Mendiko ibilbideak auzolanean konpontzeko aldarria

Anboto 2013ko uzt. 11a, 08:51
Azken asteetan, Oiz gainean dagoen BTTko ibilbide bat konpontzen ibili dira hainbat lagun; eurek badabiltza beharrean, baina ideia bera herritarrengana zabaltzeko nahia daukate

Azken asteetan, Oiz gainean dagoen BTTko ibilbide bat konpontzen ibili dira hainbat lagun; eurek badabiltza beharrean, baina ideia bera herritarrengana zabaltzeko nahia daukate.

 

Oiz menditik igarotzen den BTTko ibilbide bat konpontzen dabiltza auzolanean herritar batzuk. Azken asteetan, mendi gainean dagoen zati bat garbitu eta konpondu dute, eta oraindik ere lan apur bat egite barik dutela esan dute. Eurek badabiltza beharrean, baina herritarrengana ideia bera zabaltzeko nahia daukate; mendiaren erabiltzaileek ingurunearen garbitasunaz eta egokitasunaz kontzientzia hartzea gura dute.

 

Arazo handiena, bizikletariek

Mendiko ibilbideetan sarri topatu ahal dira enborrak, adaxkak, harriak... Bizikletari hauek kritikatu dute inork ez dituela bideok zaintzen; beste batzuen lana den arren, euren kabuz ekitea erabaki dute. Aldundiko Basozaintza Sailaren menpe dago horietako askoren kudeaketa, udalen esku beste batzuena. Bidean trabak topatzean, oinezkoek errazago edukitzen dute pasatzeko; arazo handiena bizikletariek edukitzen dute: bizikletatik jaitsi eta gainean daroatela egin behar izaten dute aurrera. Ganaduarentzako atramadekin ere antzekoa gertazen zaie, eta bide publikoan, “denon bidean”, horrelako hesiak ez zirela egon beharko uste dute.

 

Filosofia zabaltzeko beharra

Bizikletari batek Oizen egindako lana erakutsi du. Harri batzuk findu dituzte borrekin, harri handiren bat apartatu bidetik, zuloak estali dituzte, tarte berriak zabaldu... Filosofia hori erabiltzaile guztiengana zabaltzeko beharra ikusi du, bakoitzak ahal duen neurrian. “Koadrilan zoaztela enbor bat gurutzatuta ikusten baduzue, bizikletatik jaitsi eta apartatu”, ipini du adibide legez. Oinez doazenentzako ere eskaera bera egin du. Helburua, bizikletatik jaitsi barik ahalik eta tarte gehien egitea da.

 

Mendi bizikleta goraka doan kirola edo afizioa da, eta Durangaldean hainbat bide daude horretarako. Auzolanean parte hartu duen bizikletariak mendiko kirolaren balioaz berba egin du. “Ona da osasunerako, psikologikoki estresak gainditzen laguntzen du...”. Natura eta ingurunea ezagutzeko aukera ematen duela gogorarazi du, eta eraiki gura den gizarte ereduan eragina duela uste du.

 

Durangaldea, turismo gune

Baina, bere ustez ez da praktika hori behar beste sustatzen. Gainera, Durangaldea horrelako turismoa garatzeko leku ezin hobea dela dio: “Europako lekurik ederrenetakoa da”. Txirrindulariak adierazi du Abadiño leku esanguratsua dela, ibilbideak egiteko dauzkan hamaika aukerengatik. Hori dela-eta, txangozaletasunagaz lotutako zentro edo topagune bat sortzeko leku ona dela aldarrikatu du. Tornosolo trinketean BTTko zentroa ipiniko dute, baina bere ustez, oinezkoentzako zentroa ere izan beharko litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!