Okela ere salgai ipini dute Oizegin.com atarian

Anboto 2013ko urt. 15a, 10:23

Eusko Label markako okela eskuratu ahal da Urkiola Landa Garapenak bultzatzen duen webgunean

Eusko Label markako okela eskuratu ahal da Urkiola Landa Garapenak bultzatzen duen webgunean.

 

Oizegin.com atariak bere eskaintza zabaltzen dihardu. Kasu honetan okela gehitu du, Eusko Label zigilukoa. Egitasmoaren arduradunek prentsa ohar bidez esan dutenez, okela freskoa da salgai jarri dutena. Hainbat eratan salduko dute: zankarra, egostekoa, lepoaldea, hegala, txurraskoa, biribilkia, txuleta, xerrak eta entrekota. Okela freskoa dela adierazi dute, eta baldintza horietan banatuko dutela. Hau da, hutsean ontziratuta eta garrioan hotza mantenduz. Martitzenetan banatuko dute okela, gainerako produktu freskoekin batera.

 

Baserritarren produktuak erosteko webgune hau Urkiola Landa Garapenak ipini zuen martxan, Lea-Artibai eskualdeko landa garapeneko elkarteagaz batera. Zerbitzuaz hurrengoa diote arduradunek: "Bitartekaritzarik gabe, kalitatezko produktuak, erabat konfiantzazkoak". Produkzioaz eta inguruneaz ere hausnartu dute: "Bertoko produktuak erosteak garrantzi handia du gure ingurua ezagutzen dugun bezala mantentzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!