Dokumentalen saileko profesionalen atalean irabazi du Bideografik ekoiztetxeak saria, eta amateur-ean Pello Salaberriak.
Lekeitioko euskal zinemaren bileran, dokumentalen atalean saritu dituzte Durangaldeko sortzaileen lanak. Lekeitiotik antzararen oroigarriagaz bueltatu dira Durangoko Bideografik ekoiztetxea eta Pello Salaberria elorriarra. Dokumental profesionalen atalean saritu dute Bideografik, eta amateurrenean Pello Salaberria.
Bidaia baten, “abentura” baten kontakizuna da Salaberriaren Cross Culture Surf lana: 15na gazte euskaldun eta irlandarrek surfaren aitzakian daukaten esperientziaren kontakizuna. Izan ere, egileak berak azaldu duenez, kulturak, eta kulturak gorpuzten dituzten pertsonak izaten dira bere kameraren jomuga gehienetan: “Jendea da motibatzen nauena”. Saritu dioten lanean, gazteak dira protagonistak.
Lekeition saria jasotzea beretzako “bultzada itzela” izan dela dio Pello Salaberriak: “Lekeitioko zine bilera ospatzen 35 urte daramatzate, eta bertako epaimahaiak saria emateak aurrera jarraitzen laguntzen dizu, pultsua hartzen diozu gauza honi guztiari”.
Bideografik ekoiztetxea aurretik ere saritu dute Lekeition, baina eurentzat ere “hobetzen jarraitzeko bultzada” da saria.
Ander Ugarte: Gure arbasoen ogibidea from Bideografik on Vimeo. Hirugarren aldiz saritu dute Durangoko Bideografik ekoiztetxearen lan bat Lekeitioko zine bileran. Aurreko edizioetan, kirolei buruzko euren dokumental bik jaso dute aintzatezpena: Psicobloc eta Slackline lanek. Kirolari loturiko bestelako gai bati buruzko dokumentala saritu diete oraingoan: Ander Ugarte pilotagilearen lanari buruzko Gure arbasoen ogibidea. ETBrako erreportaje bat egiten zeudela ezagutu zuten Bideografik-ekoek Ugarte. Bere lana egiteko daukan pasioa eta konbentzimendua dokumental batean islatzeko ideia orduan bururatu zitzaien taldekideei. Euskal Herrian ikusentzunezkoen arloaren osasuna zelan ikusten duen galdetuta, gauzak egiteko ideia eta indar faltarik ez, baina proiektuak aurrera ateratzeko laguntza falta dela erantzun duCarlos Iglesias Bideografik-eko kideak. Zinema ezin daitekeela diru-laguntza publikoetatik bakarrik finantzatu uste du. |
Full documentary - CROSS CULTURE SURF (PHASE 1: LAHINCH, IRELAND) from Pello Salaberria on Vimeo. Lehenengo aldia da Pello Salaberriak bere lan bat lehiaketa batera bidali duena. Zutundu elkartekoek antolaturiko Cross Culture Surf “abentura” dokumentatu zuen. Irlanda eta Euskal Herriko 15na surflari gazteren kultur trukearen kontakizuna da saritu diotena. Arte Ederrak ikasi zuen Pello Salaberria elorriarrak, eta urteak daramatza EITBn ordezkapenak egiten. Orain, bere kabuz ere lan egiten hasi da.
Aurrerantzean ere filmak egiten jardutea gura lukeela dio Salaberriak, “eta ahal den guztia bidaiatzea”. |