Landa eremua galtzen bada, paisaian eragina izango duela uste dute

Anboto 2012ko aza. 24a, 09:40
Urkiola Landa Garapenak Durangaldeko paisaiari buruz antolatutako eztabaidan aukerak eta arriskuak identifikatu dituzte

Urkiola Landa Garapenak Durangaldeko paisaiari buruz antolatutako eztabaidan aukerak eta arriskuak identifikatu dituzte.

 

Belaunaldi berrien erreleborik ez egoteak eta baserriak ez berritzeak landa eremuaren galera ekar dezakete. Eremu horretako biztanleek atera duten ondorio negatiboena da. Urkiola Landa Garapena elkarteak Durangaldeko baserri-paisaien inguruko hausnarketa egin du, eta parte-hartzaileek hainbat aurreikuspen egin dituzte. 2025 urtea erreferentzia legez hartuta, sortu ahal diren ondorio negatiboenak eta positiboenak irudikatu dituzte.

 

Baserritarrek euren jarduna utziz gero eta industriak eta azpiegiturek gora eginez gero, landa eremua arriskuan legokeela uste dute. Eztabaidako parte-hartzaileen arabera, baserritarrek ingurunea zaintzeko ardura izan dute, eta oraindino ere badaukate  –sastrakak kentzen, adibidez–. Horregatik, funtzio hori desagertuz gero, suteak gertatzeko arriskuak gora egingo lukeela uste dute. Baserritarren  euren jarduna uzteaz gainera, badago beste faktore bat parte-hartzaileak arduratuta dituena: hiritik baserrira joandako biztanleen jarrera. Diotenez, eremua lo-leku bihurtzeko beldurra daukate. Horrek, baserritarren arteko elkartasuna eta dinamismoa murriztea ekarriko luke. Esan dutenez, biztanle horietako batzuen eragina negatiboa izan dela baieztatu da, adibidez auzolanean ez dutelako parte hartu. Premiazkotzat jo dute era horretako ohiturak eta pentsaerak albait arinen aldatzea.
Aukerak ere badaude

 

Landa-eremuaren joera negatiboaren beldur dira hausnarketako kideak, baina eboluzio positiboa izateko aukerak ere badaudela uste dute. Euren ondorioen arabera, legeak aldatzen badira, gazteak bertan bizitzen geratzeko erraztasunak lortuko dira. Gainera, herrigunetik baserrira doazen guztiek ez dute lo-leku legez soilik erabiltzen. Batzuek ortuak ipini dituzte, eta autokontsumoak balio positiboa ei du baserrian, baita paisaian ere. Bestalde, ondorioztatu dute lehenengo sektore ekonomikoa eta abereak direla paisaiarengan eragin handiena dutenak, eta sektore hori diruz lagundu behar dela adierazi dute.

 

Mendiak eta ondare arkitektoniko eta historikoa Durangaldeko paisaiaren berebiziko balioak direla esan dute. Horrek, turismorako aukerak ere sortuko ei lituzke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!