Roberto Martin (CCOO): "Langileen kolektiboak aukera bat galdu du"

Anboto 2012ko aza. 14a, 13:44

UGT, CCOO, CNT, CGT eta LSBk gaurko deitutako greba orokorrak jarraipen txikia izan du Durangaldean. CCOOko Roberto Martinek batasun sindikal ezari egotzi dio emaitza hori

UGT, CCOO, CNT, CGT eta LSBk gaurko deitutako greba orokorrak jarraipen txikia izan du Durangaldean. CCOOko Roberto Martinek batasun sindikal ezari egotzi dio emaitza hori.

 

Greba orokorrak eragin gutxi izan du Durangaldean. Roberto Martin CCOO sindikatuko ordezkariak esan du eskualdean igarri egin dela ELA eta LABek deialdia babestu ez izana. Batasun sindikal ezaz hausnartu du Martinek: "Langileen kolektiboak aukera bat galdu du ekintza batasunean kalera irten eta murrizketa eta erreformen aurka egiteko". Europa mailako mobilizazioa da gaurkoa, baina Euskal Herrian ELAk eta LABek ez dute bat egin. Irailaren 26an egin zuten greba sindikatu abertzaleek.

 

Industrian izan ei du eraginik handiena. "CCOO eta UGTk indar gehien daukagun enpresetan eduki du eragin handiena grebak". Adibide legez ipini ditu Forjas Berriz eta Abamotor enpresetan ia behargin guztiek bat egin dutela grebagaz, eta Alcoa lako hainbat enpresatan %50 batu direla protestara.

 

Gainerako sektoreetan jarraipena txikiagoa izan da. Durangoko kaleak dira horren islada. Egun normala izan da merkataritzari dagokionez; ia komertzio guztiak daude zabalik, eta herritarrak ere normaltasunez dabiltza eguna bizitzen.

 

EAEko datuei dagokioenez, sindikatuek esan dute eraikuntza sektorean %60k egin dutela greba, eta industrian %50ek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!