EAJko Zarrabeitia, Durangaldeko Amankomunazgoko presidente

Anboto 2011ko urr. 10a, 20:34

Atzo (urriak 10) arratsaldeko udalbatzarrean aldeko 14 boto jaso zituen: EAJren 13 botoak eta Bildurekin balizko berdinketa hautsi zuen PSE-EEko zinegotzi Fernando Castillorena.

Izurtzako EAJko zinegotzi den Oskar Zarrabeitia izango da datozen lau urteetan Durangaldeko Amankomunazgoko presidentea. Presidente izateko hautagai moduan EAJk Zarrabeitia aurkeztu bazuen Bilduk Arrate Elkoro (Durangon zinegotzia da) aurkeztu zuen. EAJ eta Bildu alderdiek nork bere hautgaitza bozkatuta 13nako berdinketa gertatuko zen eta Elkoro izango zen presidente hauteskundeetan boto gehiago eskuratu zituelako Bilduk. EAJk eta PSE-EEk, ordea, akordioa lotu zuten eta Fernando Castillo sozialistak  EAJren hautagaitzaren alde egin zuen; beraz boto bateko aldeagaz irabazi zuen Zarrabeitiak. Arrate Elkoro bigarren presidente ordea izango da, bozkarik gehien lortu zuen bigarren hautagaia delako. Presidente ordea izendatzea, aldiz, Oskar Zarrabeitiaren eskumena da.

Gaiak badu mamia, izan ere, Amankomunazgoa osatzeko udalbatzarra 19:00etan izan bazen, ordu bi lehenago, Durangon beste udalbatzar bat egon zen eta han aho batez onartu zuten Fernando Castillo  Amankomunazgoko Gobernu Batzordeko kidea izatea. Castillo da PSE-EEk Amankomunazgoan duen ordezkari bakarra eta Bilduk ere horren alde egin zuen bere sasoian iragarri moduan: “Amankomunazgoan ordezkaritza duten indar guztiek gutxienez Gobernu Batzordean kide bat” izatea bermatuko zutela adierazia zuen Bilduk. Orduan esandakoetatik atzo esandakoetara: "Azkeneko minutuan egin dute izendapen hori. Durangaldetik kanpora hartutako erabakiak  dira, hemengo errealitatea ezagutzen ez duten EAJ eta PSE-EEko buruzagien eskutik hartutakoak", adierazi zuen Elkorok.


Bildu: “Lege-urratzerik egon den aztertuko dugu”

Bilduko presidenterako hautagai Arrate Elkorok kritikatu zuenez, “udalbatzar honetan ordezkari bi daude, egon behar ez zutenak”. Izan ere, Udal hauteskundeen ondoren, Abadiñoko Independienteek Amankomunazgoan ordezkari bi lortu zituzten, baina horiek EAJri utzi zizkieten. Ordainetan, Abadiñoko alkatea izendatzeko udalbatzarrean,  EAJ abstenitu zelako lortu zuen Jose Luis Navarro independienteak alkate izateko behar zuen sostengua. Gertaera horri egin zion erreferentzia Elkorok: “Zilegitasunik gabeko jokaera honekin Amankomunazgoko estatutuen lege-urratzerik egon ote den jakiteko egin beharreko guztiak egingo ditugu”, adierazi zuen. Beraz, lege-urratzerik aurkituko balute, "baliteke Bilduk inpugnazioa aurkeztea" Elkorok iragarri duenez. PSE-EEren jarrera ere kritikatu zuen "urte luzez aldaketa beharrezko zela adierazi arren, sukursalismo politikoa besterik ez delako egon jokaeraz". 

Fernando Castillok honako arrazoi hauek eman zituen EAJren hautagaitza babesteko: “Kudeaketa bermatzen duela uste dugu, eta, gaur egungo egoeraren diagnostikoan zein aurkeztu dizkiegun etorkizuneko proposamen askotan bat egiten dugula uste dugu”. Garbi utzi nahi izan zuen botoa EAJri ematearen arrazoia ez dela “Bilduren kontra akordioa lotzea”.

Ondoren, alderdi sozialistak Amankomunazgoari buruz duten ikuspegia azaldu zuen: "Hilzorian dago, norabide finko barik eta gaur egungo kudeaketak udaletxeak urruntzea ekarri du". Castilloren esanetan, "beharrezko aldaketak eman behar dira Amankomunazgoak konpetentzia gehiago bere gain hartu ditzan eta Aldundiagazko eta Jaurlaritzagazko bitartekari baliagarri eta beharrezko bihurtu dadin". Datozen lau urteetarako helburuen artean honakoak dituzte: "Garapen ekonomikoaren aldeko apustua egingo dugu; automozioaren sektorea hobetzeko lan egiteaz gainera, garapen turistikoari lehentasuna emango diogu eta jantoki sozial baten beharrizana errepikatuko dugu behin eta berriro".

Zarrabeitia: “Elkarrizketa eta eztabaidarako irekita gaude”

Oskar Zarrabeitiak adierazi zuen “Astolako atea —Amankomuzgoa Abadiñon dago— elkarrizketa eta eztabaidarako zabalik” egongo dela: “Orain arteko zerbitzuak ahalik eta eraginkorren mantenduko ditugu eta udaletxeekin batera diagnostiko bat egingo dugu zer zerbitzu berri martxan ipini daitezkeen jakiteko”. Horrez gainera, joarratu beharreko beste hainbat alderdi aipatu zituen: “Behargintza eta enpresen indarberritzea, esaterako. Automozioari lotutako enpresa asko daude eta krisiak gogor eragin die; hor egiteko asko dugu”. Bide horretatik, EAJk Jaurlaritzagaz lotutako akordioaren bidez, Azterlanen martxan ipinitako Eraginkortasun Poloa ere aipatu zuen eta turismoa sustatzea ere euren lan ildoen barruan egongo dela gaineratu, besteak beste.

Presidente izendatu ondorengo hitzaldia Amankomunazgoko estatutuen zati bat irakurtzetik hasi zuen, erakundearen filosofia zein den eta bertan dauden ordezkarien eginkizun eta helburuak zeintzuk diren gogorarazteko: "Egungo egoera ekonomikoa ikusita Udalen baliabideak gero eta murritzagoak diren arren, Amankomungazgoaren filosofia inoiz baino biziago dago; zuen parte hartze eta laguntzarekin lan egiteko prest gaude gure herrietako biztanleek kalitatezko zerbitzu duinak jaso ditzaten".

Azkenik, urte askoan Durangaldeko Amankomunazgoko lehendakari izan den Marian Larrauri gogoratu zuen: "Eskerrik asko egindako lanagaitik; badakigu orain 16 urte hasierako eta ondorengo momentuak ez zirela errazak izan, baina hemen gaude".

Zarrabeitia ogibidez kontablea da eta laugarren legegintzaldia betetzen ari da Izurtzako EAJn. Durangaldeko Amankomunazgoan Kultura, Kirol, Euskara eta Kontsumo Batzordeko presidentea izan da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!