Agenda 21ek proiektu eta ekimenekin aurrera jarraitzen du

Anboto 2010ko ots. 1a, 15:52
Abadiñon Agenda 21eko taldeak batzarra egin du garapen iraunkorraren aldeko proiektuen inguruan. Gauzatu diren eta egin barik gelditu diren proiektuen analisia egin dute eta balorazioa positiboa izan da, 2009rako zituzten proiektu gehienak bete baitituzte.

 

Denbora faltagatik egin barik gelditu da esaterako, Gazteluko errepidea konpontzea, baina berehala hasiko dira horrekin.

Egindako proiektuen artean, Abadiñoko alkateak, Jose Luis Navarrok, Abadiñoko hiru eskoletan energia aurrezteko proiektuen barruan pertsianak, leihoak, ateak eta erradiadoreak aldatu direla aipatu du. Horrez gain, Matienan kaleen saneamendua egin dute, kaleak konpondu dituzte eta zebra bideei altuera igo diete. Bestalde, Durango-Matiena-Zelaieta errepidean bizikletentzako bidea egin dute. 2010erako proiektuen artean Abadiñoko zaharren egoitzako urbanizazioa egiteko asmoa dago.

Telazko poltsak plastikoaren ordez

Durangoko Agenda 21ek sortutako ekimena izan zen Durangoko etxe guztietan telazko poltsak banatzea biztanleak kontzientziatzeko asmotan. Guztira, 10.400 telazko poltsa banatu ziren durangarrek erosketak egiterakoan telazko poltsa hauek erabiltzeko plastikozko poltsak erabili beharrean. Helburua ez da bakarrik plastikozko poltsen kontsumoa murriztea; plastikoa fabrikatzen eta desagerrarazten sortzen diren CO2 isurketak gutxitzea lortu nahi da eta ekimen horrek horretan laguntzen du. Durangoko Udalaren asmoa da, hemendik eta bost urtera, CO2 isurketak %2 baino gutxiago igotzea 2006ko isurketarekiko, urte hori hartzen baitute erreferentzia moduan. Telazko poltsak erabiliz berrerabili eta birziklatu egiten da eta gainera CO2a murriztu.Telazko poltsetan, gainera, aholkuak ematen dituzte zaborra behar den moduan gestionatzeko. Gogoratzen digu, papera eta kartoia edukiontzi urdinean sartu behar dela, beirazko botilak edukiontzi berdean sartu behar direla, plastiko eta metalezko ontziak, berriz, edukiontzi horian eta etxeko olioa ere erreziklatu daitekeela edukiontzi laranjan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!