Bihar hasiko da Bizkaiko bertsolari gazteen sariketa

Anboto 2015ko mar. 9a, 13:12
Juanjo Respaldiza, Jone Narbaiza, Leire Aragón eta Fredi Paiak aurkeztu dute, sariketa, prentsaurrean.

Bilbon aurkeztu dute gaur, Bizkaiko bertsolarien BBK sariketaren XXIII. edizioa. Bihartik aurrera, Bizkaiko zazpi eskualdeetako 50 bertsolari gazte inguru ariko dira sariketa horretan.

Parte hartuko duen talde bakoitzak gutxienez sei kide izango ditu, eta Arratia-Txorierri, Bilboaldea, Busturialdea, Uribe Kosta, Enkarterriak, Durangaldea eta Lea-Artibai eskualdeak ordezkatuko dituzte.

Igorren egingo dute, bihar, lehenengo saioa, eta martxoaren 17an, Durangoko institutuan jokatuko dute sariketako hirugarren saioa. Azken urteetan bezala, Bilboko Kafe Antzokian jokatuko dute sariketaren finala: martxoaren 26an izango da finala.

Ohi bezala, bi adin-mailatan jardungo dira parte-hartzaileak: 18 urte artekoak, alde batetik, eta 18 eta 24 urte artekoak, bestetik.

Txapela janzten duen taldeak 1.260 euroko saria jasoko du; 900 eurokoa bigarrenak; eta 140 eurokoa bizkaierarik onena erabiltzen duen bertsolariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!