Herririk herri, txikizioaren aurka mugi! lelopean egingo dute martxa. Datorren asteko barikuan, Durangoko Andra Marin elkartuko dira 12:30ean, hasierako ekitaldia egin, eta bizikletan martxa hasteko. Bertatik Gaztelu auzotik pasatuko dira, Gerediaga-Beasain autobideak kaltetutako lurrak bisitatzeko asmotan. Elorrioraino joango dira egun horretan, eta AHTk kaltetutako Aitor Solozabal baserritarragaz egingo dute hitzordua. Atxondon amaituko dute eguna, gaztetxean AHTren kontrako mugimenduari buruzko mahaingurua eginda.
Uztailaren 26an, berriz, Atxondotik Dimarako etapa izango dute eta tartean, Boroatik pasatuko dira. 'Zornotza Bizirik!' elkarteagaz batuko dira bertan, zentral termikoaren gatazkari buruzko informazioa hartzeko. Leginetxe auzoan Abiadura Handiko Trenaren kontra egindako lana ere ezagutuko dute.
Obren martxari buruzko irakurketa
AHT Mugitu!-k prentsaurrekoan azaldu duenez AHTren eraikuntza lanek "kalte atzeraezinak" eragin dituzte, obrak hasi eta zazpi urte hauetan. Horrez gainera, obretan gertatutako hainbat akats nabarmendu dute: "AHTren egitasmoa porrotera eraman dezakeen erabateko egoera nahaisan eta auzitan dago aldi berean". Obren gain-kostuak eta ustelkeria kasuak aipatu ditu mugimendu ekologistak: "Bizkaian toki askotan eraikuntza lanek izan duten moteltzea, Elorrio-Bergarako korapiloan egin beharreko lan eskergak nahiz Atxondo-Abadiño tarte eta hiriburuen sarbideak finantzatzeko dituzten arazoak" aipatu dituzte eta "gobernuen ilunkeria"kritikatu dute.
Zortzi egun iraungo duen martxan Bizkaiko eskualdeak zeharkatu eta AHTk eragindako lekuak bisitatu eta protagonistak ezagutzeaz gainera, beste hainbat proiektugaz egondako gatazken berri ere izango dute txirrindulariek.
Martxaren lehen bi egunetako egitaraua:
Uztailaren 25a, barikua: Durango-Elorrio-Atxondo
12:30 Martxaren hasiera ekitaldia eta irteera. Durangoko Andra Mari plazan.
13:30 Gaztelu auzora bisita
14:30 Bazkaria Abadiñon
16:00 Abadiñotik irten
16:30 Atxondon, Santixa auzoko jaietan geldiunea
17:00 Elorrio
17:30 AHTak Elorriok kaltetutako Aitor Solozabal baserritarragaz hitzordua
18:30 Atxondon, Apatan, 'AHTrik EZ! Herriak Bizirik!' AHTren kontrako ekitaldia.
20:00 Afaria
21:00 Mahaingurua gaztetxean: 'AHTren aukrako borroka: iragana eta geroa' Dabid Cobos (Atxondoko alkate ohia), Mila Elortza (AHT Gelditu! Elkarlana) eta Luis Iriarte (AHT Gelditu! Nafarroa).
Uztailaren 26a, zapatua: Atxondo-Zornotza-Dima
09:30 Apatatik irteera
10:45 Martxa Eubara helduko da
12:00 Zornotzan, "Patata" biribilgunean
12:30 Boroan, zentral termikoaren gatazkari buruz informazioa, Zornotza Bizrik! taldeagaz
13:30 Leginetxen, zornotzarrek AHTren aurka egin zuten erresistentzia gogoratu.
17:00 Lemoara helduko dira
17:30 Igorren, aparioko eta Zeanuriko harrobien arazoaz informazioa
19:00 Dimara helduko dira
20:30 Afaria gaztetxean, eta martxan batutako jendearen arteko aurkezpen batzarra.
Informazio guztia, Mugitu! mugimenduaren blogean.