Bihar hasiko da Bizkaiko bertsolari gazteen BBK sariketa

Anboto 2014ko mar. 10a, 14:29

Bizkaiko zazpi eskualdetako 50 bertsolari gazte inguruk parte hartuko dute BBK sariketaren XXII. edizioan. Bilbon aurkeztu dute txapelketa gaur.

 

Jone Narbaiza Bertsozale elkarteko kideak, Juanjo Respaldiza Bizkaiko ikastolen elkarteko bertsolaritza arduradunak, eta Arkaitz Estiballes bertsolariak aurkeztu dute sariketa.

Bihar hasiko da Bizkaiko bertsolari gazteen BBK sariketa. "Bizkaiko bertsolari gazteenek jendaurrean jarduteko aukera izan dezaten" antolatu dute beste urte batez.

Markinan, Zallan eta Algortan jokatuko dituzte bihar, etzi eta martxoaren 18an, txapelketaren lehenengo hiru saioak. Iaz sariketaren irabazlea izan zenez, Durangaldeko taldea zuzenean igaroko da finalerdietara. Martxoaren 19ko, 12:00etan, Durango institutuan jokatuko duten saioan jardungo dira Durangaldeko bertsolariak.

Bizkaiko zazpi eskualdetako bertsolariek hartuko dute sariketan parte: Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Lea-Artibai, Ipar-Uribe, Enkarterriak eta Durangaldekoek. 18 urte artekoak jardungo dira, batetik, eta 18 eta 24 urte artekoak, bestetik.

Ohi bezala, Bilboko Kafe Antzokiak hartuko du sariketaren final nagusia. Martxoaren 28an, 19:00etan izango da finala. Irabazleak 1.260 euroko saria eskuratuko du, eta 900 eurokoa bigarrenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!