Emakumeei zuzendutako aholku juridikoak ezbaia sortu du

Anboto 2007ko urt. 25a, 14:51

Emakumeei zuzendutako lege aholkularitza eta psikologia zerbitzua pausu onez hasi da. Hala ere, Durangoko emakume elkarteek "iraingarria" deritze arlo juridikoa Ofelia Hernandezen hiltzailearen defentsako abokatuari uzteari.

Durangaldeko Mankomunitateak abiatutako emakumeei zuzendutako lege aholkularitza eta psikologia zerbitzua pausu onez hasi da. Batez beste, hilean, 22 emakumek jo dute aholku psikologiko bila; 10ek aholku juridiko bila (familia zuzenbidekoak). Horrela dio Marian Larrauri lehendakariak. Hala ere, Durangoko emakume elkarteek "iraingarria" deritze arlo juridikoa Ofelia Hernandezen hiltzailearen defentsako abokatuari uzteari; Mankomunitateak haren zerbitzuak utzita, Durangoko Josune Escota abokatua hartu du.

Zerbitzurako urtean 9.000 euro izanik, kontratazio zuzena erabili dute, Larrauriren berbetan: "Durangaldekoa, gertukoa gura genuen eta erreferentzia oso onak genituen. Dena lotu eta nor zen esatean, berehalako hausnarketa izan zen
—beharbada, ez zuzenena— profesional lez bateko eta bestekoak egin behar zituela". Aurrera egin zen, "ezbaiak" sortuz gero, berriro batzekotan.

Ondoeza

Erabiltzaileen partetik ez ei da kexarik egon, baina, Durangoko Udaletik esan zien ez zeritzela "etikoena". Durangoko Bilgune Feministak "beharrezko" deritzon zerbitzua abiatzeko "premiazko" irizpideak ez zehaztu izana salatu du: "Gaiarekiko sentsibilitateagatik, esaterako, emakumea izan beharko luke". Gertatutakoari “ironikoa” deritze, "iraingarria". Zerbitzua utzi eta hutsetik hasi behar dela uste dute.

Halako zerbitzuen aurrean emakume batengana hurbiltzea "errazagoa" dela uste du Andereak elkarteak ere: "Onartezina da. Zerbitzuotarako irizpideak zehaztuta dagoz; Emakundek ere bai. Beste leku batzuetan ere badago nora jo eta zer egin jakiteko modurik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!