Durangaldeko pilota erregetza jokoan, zortzi eskolen artean

Anboto 2007ko urt. 11a, 14:08

Durangaldeko XXIII. Esku Pilota Txapelketako azken txanpa aurkeztu zuten, martitzenean, Matienako Errota kultur etxean. Kanporaketa fase lehiatuen ondoren, zortzi pilota eskolen artean banatuko dira sei kategoria ezberdinetako txapelak. Finalerdiak bihar eta etzi jokatuko dira, Zaldibarren eta Elorrion, hurrenez hurren. Finalak Matienan eta Zelaietan jokatuko dira

Durangaldeko XXIII. Esku Pilota Txapelketako azken txanpa aurkeztu zuten, martitzenean, Matienako Errota kultur etxean. Kanporaketa fase lehiatuen ondoren, zortzi pilota eskolen artean (Berriz, Iurreta, Abadiño, Atxondo, Zaldibar, Mallabia, Lekeitio eta Markina) banatuko dira sei kategoria ezberdinetako txapelak. Finalerdiak bihar eta etzi jokatuko dira, Zaldibarren eta Elorrion, hurrenez hurren. Finala, berriz, bitan zatitzea erabaki dute, aurten lehenengoz, jaialdia luzeegia eta astunegia suerta ez dadin; erdiak Matienako frontoian erabakiko dira, datorren barikuan, eta beste erdiak Zelaietan ebatziko dira, zapatuan. Bi jaialdiak 18:00etan hasiko dira.

Txapelketa urrian hasi zen 12 pilota eskolen artean. Aipatutakoez gainera, Mañaria, Ermua, Elorrio eta Durango ere bazeuden hautagaien artean. Eskola guzti horiek dira, hain zuzen ere, txapelketaren antolatzaileak. Markinak eta Lekeitiok hainbat aldiz jokatu izan dute Uribe-Kostako eskualdearekin, baina Durangalderako joan-etorriak laburragoak eta erosoagoak direnez, eskualdez aldatzeko eskatu zuten.

Bihar, Zaldibarren, bost partida jokatuko dira, 19:00etan hasita: umetxoetan Markina eta Iurreta lehiatuko dira; umeetan Zaldibar eta Iurreta; gaztetxoetan Markina eta Lekeitio; gazte aurrekoetan Markina eta Abadiño, eta gazteetan Abadiño eta Durango. Zapatuan, honako lehia hauek izango dira, Elorrioko frontoian, 16:00etatik aurrera: umetxoetan Mallabia eta Lekeitio; umeetan Berriz eta Markina; gaztetxoetan Iurreta eta Mallabia; gazte aurrekoetan Berriz eta Lekeitio; gazteetan Markina eta Iurreta; eta nagusietan Atxondo eta Abadiño.

Maila polita

Durangaldeko Txapelketa jokatzen den epe berean Bizkaikoa ere jokatzen da. Azken horrek garrantzia handiagoa du eta pilota eskoletako pilotaririk onenak hantxe dabiltza. Horrek, eskualdeteetako txapelketaren maila apaldu egiten du. Hala ere, antolatzaileek maila oneko neurketak ikusteko parada izango dela ziurtatu zuten. Juantxo Abando kazetariaren esanetan, Bizkaiko eskualdeetako (Enkarterriak, Uribe-Kosta, Arratia-Nerbioi eta Durangaldea) lau txapelketen artean “Durangaldekoa da mailarik altuenekoa”. Guztira, 400 bat pilotarik jokatu dute partidaren bat. Karlos Garzia eskualdeko pilota delegatuaren iritziz, “gaur egun, momentu gozoa bizi dute Durangaldeko pilota eskolek”: “Ondo ari dira lanean eta desagertzear egon zirenak egonkortu egin dira. Ermua da salbuespen bakarra. Orain urte batzuk 60 lizentzia zituzten eta, gaur egun, kosta egiten zaie taldea osatzea”.

Aurkezpen ekitaldian Ander Antxia eta Asier Berasaluze ere izan ziren, txapelketako aldiren batean parte hartutako pilotari legez. Berriztarrak txapelketak partidak jokatzeko ematen duen aukera azpimarratu zuen: “Beti ez da nahi beste partida jokatzeko modua izaten, eta horrelako txapelketak pilotaria zailtzeko oso baliagarriak dira”. Antxiak “pozez” ikusten du, urtea joan eta urtea etorri, txapelketak nola aurrera dirauen, eta parte-hartzaileek txapelketa “benetan bizi” egiten dutela nabarmendu zuen, aurretik beraiek bizi izan zuten moduan.

Matienan, kadeteen, gazteen eta nagusien finalak jokatuko dira; gainerakoak Zelaietan. Zapatuko jaialdia urteetan txapelketa diruz lagundu duen Adrian Amantegi omentzeko ere baliatuko dute: “Momentu onetan zein txarretan beti hor egon da”, Jabier Uriarte Abadiñoko alkatearen esanetan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!