Arroitajauregi: “Lan ona egiten gabiltzan arren, emaitzek ez digute askorik laguntzen”

Maialen Zuazubiskar 2017ko api. 29a, 10:30

Xabier Arroitajauregik odolean darama saskibaloia, txiki-txikitatik dabil kirol honetan. Asteburuan galdu duten arren, Tabirako-Baque taldea ondo dabilela aitortu du taldeko eskoltak.

Nola joan da asteburuko partidua?
Hasieran ondo hasi ginen arren, partiduan askotan galdu genuen baloia, eta hirugarren laurdenean aurkariek saskiratze dezente egin zituzten, eta orduantxe galdu genuen partidua.

Sailkapen nagusian, laugarren postutik seigarrenera jaitsi zarete.
Azken aldian emaitzek ez digute askorik lagundu. Lan ona egiten ari garen arren, ez dugu lortzen partidu askorik irabazterik.

Denboraldia bukatzeko bi partidu baino ez zaizkizue gelditzen. Nola ikusten duzu taldea?
Ondo. Entrenamenduetan lan ona egiten dugu, eta gogotsu gaudela da garrantzitsuena. Denboraldia oso ondo hasi genuen, eta lehen hamar partiduetatik zortzi irabazi genituen eta bi bakarrik galdu. Taldeko inork ez genuen espero sailkapenean horren aurrean egotea. Orain, berriz, bi partidu jarraian irabazi ezinik gabiltza.

Agian taldea nekatuta egongo da?
Ez, gogotsu gabiltza lanean, eta emaitzek askorik laguntzen ez diguten arren entrenamendu onak egiten gabiltza. Orain, falta diren partidu biak irabaztea izango da gure helburua.

Denboraldi hasieran, espero al zenuten sailkapen nagusian aurrean ibiltzea?
Nik banuen ondo ibiliko ginen esperantza. Banuen gogoa final four-a jokatzeko, eta, nola ez, hori etxean izateko. Gainera, iaz kiroldegian nesken igoera faseko partiduan sortu zen giroa ikusita, ilusio berezia egiten zidan horrelako zerbait kantxa barrutik bizitzea.

Azken bi partiduak irabaziz gero, final four-a jokatzeko aukeraren bat izan dezakezue.
Final four-a postu bakar batera dugun arren, azken bi partiduak irabazi egin beharko ditugu. Gainera, dena ez dago gure esku, eta beste taldeek zer egiten duten ikusi beharko dugu. Hala ere, oraindik badut esperantza denboraldia lehen bosten artean bukatzeko.

Aurten Tabirako-Baqueko ezinbesteko jokalari bihurtu ei zara.
Nik ez dut neure burua ezinbestekotzat jotzen. Uste dut guztion lana dela beharrezkoa, gurea talde lana baita.

Nola zaude taldean?
Taldean oso gustura nago. Giro oso ona daukagu gure artean, eta taldekide baino gehiago, lagunak gara.

Aspalditik zara klub honetako kide?
Gazte-gaztetatik nabil Tabirakon. San Antonio Santa Ritan hasi nintzen saskibaloian jokatzen, eta hortik Tabirakora igaro nintzen. Orduz geroztik bertan nabil, eta bertan jarraitzea espero dut.  

Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?
Urte oso politak izan ziren. Hasieran, San Antonio Santa Ritan nenbilenean talde misto bat genuen, eta lagun artean ondo pasatzeko jokatzen genuen. Hala ere, aitortu behar dut beti izan naizela lehiakorra. Txikitan ere amorratu egiten nintzen partidu txar bat jokatzen banuen.

Ondoren, Tabirakora pasatu zinen.
Bai, kadete mailan Tabirakora pasatu nintzen, eta orduz geroztik bertan nabil.

Zure burua Tabirako ez den beste talderen batean ikusten duzu?
Egia esan, etxeko taldean oso gustura nago, eta bertan jarraitzea da nire asmoa. Hala ere, maila altuagoan dagoen talderen batera joateko aukeraren bat banu, ez nuke pentsatu barik ezezkorik emango. Ondo pentsatu eta baloratu beharreko erabakia izango litzateke.  

Familiatik datorkizun afizioa da saskibaloiarena?
Bai, gurasoak, biak dira saskibaloian jokatutakoak. Biak Tabirakon, gainera. Amak senior mailan utzi behar izan zuen saskibaloia, ikasketak zirela-
eta. Aitak, berriz, urte dezente egin zituen senior mailan, lehen taldean.

Beraz, irakasle onak dituzu etxean.
Bai, gurasoek asko lagundu didate, eta aholku bikainak eman dizkidate urte hauetan guztietan. Esaterako, aitak jaurtiketak egiten erakutsi dit. Gurasoen laguntza ezinbestekoa izan da, entrenamenduetan aholku bikainak eman dizkidate eta.

Irakasteaz gain, zure partiduetara joaten dira?
Aita askotan etortzen da partiduetara. Asko gustatzen zaio gu jokatzen ikustea eta gu animatzea. Amak, berriz, aitak baino gehitxoago sufritzen du, eta partidua berdindu samar badago, joan egiten da kantxatik.

Orduan, saskibaloiko aditu bi izanda etxean, egiten al duzue jokaldien baloraziorik partiduak bukatzean?
Noski. Gurean balorazioek beti izaten dute lekua. Egia esan, lehen gehiago izaten ziren. Gazte mailako partiduen ostean, bazkalorduan normalean, partiduko gora- beherez aritzen ginen. Orain,  berriz, gutxiagotan egiten dizkidate halako kritika konstruktiboak [barrez]. Baina, badakit “kritikak” beti egongo direla.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!