“Txirrindularitzan egin barik utzi nuen gauza bakarra besoak altxatzea izan zen”

Maialen Zuazubiskar 2017ko mar. 17a, 14:30

Txirrindularitzan hamar urte eman ostean, Alex Unzuetak bizikleta utzi berri du, eta duatloiak egiten hasi da. Berriztarrak bere lehenengo garaipena lortu du asteburuan, Nafarrurin (Errioxa) .

Duatloien munduan debuta egin berri duzu, eta lehen garaipena iritsi da. Nolakoa izan da?
Garaipena lortzea oso polita izan da. Hala ere, are politagoa izan da Ainhoa neska-lagunagaz eta bere aitagaz mendi duatloian parte hartu ahal izatea. Ilusio berezia egiten zidan beraiekin proba batean parte hartzeak.  

Esan liteke txirrindularitzak zor zizun garaipena eman dizula duatloiak?
Bai, baliteke. Duela astebete, txirrindularitzako lagunekin garaipenen inguruan hitz egiten egon ginen. Nik aitortu nien txirrindularitzan egin barik utzi nuen gauza bakarra besoak altxatzea zela, eta helmugan garaile sartzeko momentuan zer sentitzen zen jakin gura nuela. Eta begira, elkarrizketa hori izan eta bi egunera Nafarrurin irabaztea lortu nuen. Helmugaratzeko orduan, beraiekin gogoratu nintzela aitortu behar dut.

Zerk bultzatu zaitu duatloien munduan hastera?
Duatloiak beti izan ditut gustuko. Nafarrurikoa aurten lehiatu dudan bigarrena den arren, aurrez beste hirutan ere parte hartu izan dut. Hala ere, aurten txirrindularitza utzita, kirol honetan gehiago zentratu naiz, Gorka Bizkarra ‘Tchmil’ lagunari esker. Bera izan da gehien lagundu didana, egun askotan bere entrenamenduak aldatu ditu niri laguntzeko. Beraz, oso eskertuta nago.

Txirrindularitza utzi eta duatloiak lehiatzera pasatu berri zara. Zer aurkitu duzu modalitate honetan?
Batez ere, bizimodu ezberdin bat bizitzeko aukera aurkitu dut. Azken urteetan, zenbait taldegaz konpromisoak izan ditut, eta beraz, beraien esanetara egon behar izan dut. Orain, berriz, neuk erabakitzen dut noiz gura dudan lehiatu edo noiz gura dudan lagunekin edo neska-lagunagaz asteburu bat disfrutatu.

Txirrindularitzatik duatloietara; duatloietatik triatloietara pasatzeko asmorik baduzu?
Egia esan, bai. Duela gutxira arte, burutik ere ez zitzaidan pasatzen triatloiak egitea. Baina Gorkak beti esan dit triatloiak askoz politagoak direla, eta probatzeko. Orduan, azaroan igerilekura joatea erabaki nuen, eta aitortu behar dut igeri egitea gustatzen hasi zaidala. Nire helburua, Ainhoagaz batera, bere herriko, Zumaiko triatloian parte hartzea da.

Azken urteetan maila izugarria emanda eta Espainiako lasterketetan onenen artean ibili ondoren txirrindularitza uztera behartuta egon zarela esan daiteke?
Niri gehien gustatzen zaidana bizikletan ibiltzea da, disfrutatu egiten dut-eta bizikletan nabilenean. Baina egia da behartuta sentitu naizela bizikleta uztera, hemen ez baitaukagu profesionaletara pasatzeko ia aukerarik. Gainera, urte hauetan guztietan ikusi ahal izan dut zuzendariek eta txirrindulariek emaitzei bakarrik ematen dietela garrantzia, eta txirrindulari langileek ez dutela aukerarik profesionaletara pasatzeko. Bestalde, 25 urtegaz kirol honetan zahartzat jotzen zaituzte. 

Tropelak txirrindulari lehiakor bat galdu du.
Beti esan didate ihesaldietan larregitan egon izan naizela, indarrak gehiago gorde beharko nituzkeela. Baina niri beti gustatu izan zait lasterketetan burua erakustea eta dudan dena ematea, eta oso pozik nago egindakoagaz, horrela izugarri disfrutatu baitut.

Txirrindularitza uztea erabaki zaila izan da?
Zaila ez, urte hasieratik nekien-eta itxi beharko nuela. Hala ere, egia da maite dudan kirola utzi behar izateak izugarri izorratu nauela eta gaur egun oraindik pena handia ematen didala, baina hartu beharreko erabakia zen.

Hamar urteko ibilbideari amaiera eman ondoren, baduzu damu edo penarik?
Pena bakarra daukat, gurasoek besoak altxatuta helmugaratzen ez ikustea. Karrera askotara lagundu didate eta beraiei garaipen bat eskaintzea gura nuen, baina ez dut lortu. Gainera, Ampo taldeagaz liderraren elastikoa jantzi nuen egunean, beraiek ezin izan zuten ikusi.

Zer eman dizu hamar urte hauetan txirrindularitzak?
Kirol honek eman didan gauzarik garrantzitsuena berari esker egin ditudan lagunak izan dira. Esaterako, eskualdeko Gorka eta Mikel Bizkarra, Illart Zuazubiskar, Markel De La Fuente eta Eneko Lejarreta. Horrez gain, heldutasun puntu bat ere eman dit txirrindularitzak.

Txirrindularitza utzi duzun arren, zuzendari lanetan eta prestatzaile fisiko moduan jarduten duzu egun.  
Iaz denboraldia bukatu ostean zuzendari titulua atera, eta egun Ampo taldean ari naiz praktikak egiten. Txirrindulari moduan nire azken denboraldia bertan egin nuen, eta beraiekin praktika hauek egitea izugarria da, oso eskertuta nago. Euren tratua izugarria da, seme bat lez tratatu naute beti.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!