Kaos absolutuan murgiltze prozesua, antzerkiak kontatua

Itsaso Esteban 2017ko mar. 4a, 10:00

Gaur, 20:00etan, Berrizko Kultur Etxean arituko da Madrilgo Teatro En Vilo konpainia, lehenengoz, Euskal Herrian. Lau emakumek —Fiona Clift, Andrea Jiménez, Noemi Rodríguez eta Blanca Solék— sortutako testuan oinarrituriko Interrupted obra antzeztuko dute gidoiaren sorkuntzan ere parte hartu duten Andrea Jimenezek eta Noemi Rodriguezezek, eta Ariana Cárdenas eta Esther Ramos taldekideek.

2012an Londresen sortu zuten Teatro En Vilo, eta egun Madrilen dute egoitza, baina han-hemengo sortzaileen kolaborazioa dute ardatz. Taldekideen berbetan, “fikzioa eta errealitatea banatzen dituen lerroan kokaturik, umore absurdoa eta keinu-komedia” baliatzen dituzte euren lanetan.

Berrizen eskainiko duten Interrupted antzezlanak, “bizitza perfektu bat zena bat-batean infernu zelan bilakatu daitekeen kontatzen du”. Anabel izeneko pertsonaia du protagonista, “arrakasta handiko emakumea, azkar, modu frenetikoan bizi dena”. Sei egunean Anabelek bere bizitzaren gaineko kontrola zelan galtzen duen erakusten du obrak, “zelan murgiltzen den kaos absolutuan”.

Londresko Mimetic jaialdian konpainia sortuberririk onenaren saria jaso zuen Teatro En Vilo taldeak, 2013an. Munduko hainbat herrialdetan eskaini dituzte emanaldiak, eta hainbat sari jaso ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!