‘Resilientes’ diskoa aurkeztuko du Tres41 taldeak, Berrizen

Anboto 2016ko urr. 7a, 10:00
Urte hasieratik, laukote gisa dihardu Tres41 taldeak, Ion Chavezek taldea utzi eta gero. Asier Cosme

Asier Otadui Zana baxu-jotzailea, Mario Cosme gitarrista, Mikel San Cipriano abeslaria, eta Imanol Bilbao bateria-jotzailea dira Tres41. Urtarriletik, Ion Chavez taldekidea barik dabiltza, laukote bihurtuta. “Ionek utzi zuenean, taldekide berria bilatzen hasi barik, laurok probatzea erabaki genuen, eta erronka jarri genion geure buruari: uda aurretik diskoa grabatzea”, kontatu du Mikel San Cipriano Puro abeslariak.

Argi zeukaten Ionen ahots eta gitarra barik, beste zeozer eskaini behar zutela hirugarren diskoan. “Zerbait berria egin gura izan dugu”, dio Mario Cosme taldekideak. Urte hasieratik buru-belarri ibili dira Berrizen aurkeztuko duten Resilientes diskoa prestatzen. Asteon, Berrizko musika lokaletan elkartu da ANBOTO Mikel, Mario eta Zana taldekideekin.  

Besteak beste, Fast Ladrillo, Exum edo At taldeetan ibilitakoak dira duela hamarkada bat Tres41 taldea sortu zuten kideak, eta zortzi urte daramatza eurekin jotzen Zana baxu-jotzaileak. Zapatuan, taldearen lehenengo kanten sorgune izan zen lekuan, Berrizko Gaztetxean, aurkeztuko dute disko berria.

Tres41 taldeak beti aurkeztu izan ditu diskoak Berrizko Hiltegixe Gaztetxean. “Leku txikia da, eszenatokia baxua da, baina gure ustez perfektua da”, diote. “Berrizen beti hartu gaitu ondo jendeak”. Beraientzat ez dago leku hoberik disko berri bat aurkezteko. “Agur esateko eguna ailegatzen denean ere, bertan joko dugu, seguru”, diote. Zapatuan, disko berriko zazpi kantak, eta aurreko bi diskoetako kantaren batzuk ere joko dituzte.

Grabazio zuzena
Lorentzo Records estudioan grabatu dute Resilientes, instrumentu bakoitza alde batetik grabatzerik ez zutelako gura, grabazioak zuzenekoaren ahalik eta antz handiena izatea gura zutelako. “Aurreko diskoa ere horrela grabatu genuen, eta askoz gehiago gustatzen zaigu: argi geneukan horrela egingo genuela”. Zana taldekidearen berbetan, “grabazioan denok elkarrekin jo izanaren fellinga jasota dago diskoan”.  

Zazpi kantako diskoa da Resilientes. “Hirugarren diskoa da, eta geure buruari gehiago exijitu diogu”, dio Mikel abeslariak. Kantak laukote formatura moldatu eta abesti berriak sortzeko, aurrerapauso handia eman dutela sentitzen dute.

Aurrera segitzeko indarra
“Aurreko lanetan baino pertsonalagoak dira disko berriko letretako batzuk, nahiz eta, orain arte bezala, letra politikoak ere idatzi ditugun, eta kaña ematen dugun”, diote. Izenbururako aukeratu duten resiliencia berbaren esaguragaz oso identifikatuta sentitzen dira: egoera zailetan aurrera egiteko ahalmenagaz. “Uste dugu bizitzako momentu batzuetan den-denok ateratzen dugula barrutik indar hori”.

“Nekea, urteak edo frustazioak zirela-eta une batean galdu genuen ilusioa berreskuratu dugu”, azpimarratu du Mariok, “eta emozionatuta gaude”. Irrikaz daude zapatuan Berrizen hasiko duten zikloari ekiteko: “Lokalean egiten ibili garenagaz gustura gaude, eta uste dugu oso ondo pasatuko dugula”.

Berrizko aurkezpenaren ostean, urte amaiera arte, beste 8-9 kontzertu eskainiko dituzte. Durangaldetik kanpo hainbat lotu dituzte, Gasteizen edo Madrilen, esaterako. Diskoa atera berritan, zuzenean aritzeko hainbeste aukera sortzea harrigarria egin zaiela azpimarratu dute. Jendearen harreragaz harrituta eta pozik daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!