“Asko pentsatutako lana da diskoa, eta oso gustura nago emaitzagaz”

Anboto 2016ko ira. 30a, 12:07

Berrizko San Migel ermitan aurkeztuko du 'Etxe'k bere 5. diskoa, bihar.

Okangoko jaietan, auzo horretako ermitan, zure herrian aurkeztuko duzu disko berria. Zer gorputzaldigaz zaude?
Oso gustura nago, gauza berezia delako biharko kontzertua, lekuagatik batez ere. Umetatik ezagutu izan ditut San Migeleko jaiak, eta beti iruditu zait gauza polita. Berriro martxan hasteko leku ezin aproposagoa iruditzen zait. Ilusio handia egiten dit. Oso polita iruditzen zait musika auzoetako ermitetara eramaten duen programazio hau.

Jon Gurrutxaga gitarrista etorriko da zugaz jotzera?
Bai, bi gitarragaz eta ahotsagaz arituko gara. Gitarren eta ahotsaren soinuagaz eta loop-ekin eta efektuekin ere jokatuko dugu kontzertuetan. Zuzenekoak bereziak izango dira.

Noiztik daukazu Gurrutxagagaz hartu-emana?
Trikizio taldean sartu nintzenean bertako taldekidea zen, eta nire aurreko diskoan ere lagun izan nuen. Disko honetan, hasiera-hasieratik jardun naiz beragaz: sortutakoa berari pasatu diot, berak moldaketak egin ditu... Gozamena da horrelako musikari bategaz aritzea.

Noiz hasi zen ‘Bizi’ diskoaren sorkuntza lana?
Orain bi-hiru urte hasi nintzen kantak sortzen, eta iaz, gabonak aurretik erabaki genuen diskoa kaleratzea. Estudiora sartzeko bezperara arte ibili gara sortzen. Sei hilabetean geratu barik ibili gara lanean, eta oso gustura jardun gara. Asko pentsatutako lana da diskoa, eta oso gustura nago emaitzagaz.

Gustura zaude diskoa zuzenean aurkezteko lortu dituzun hitzorduekin?
Oso gustura, bai. Diskoa atera aurretik lotu ditugu kontzertuak, eta materialik eduki barik, aretoetako arduradunek konfiantza handia izan dute gugan. Lortu dugu gure zirkuituko aretorik onenetan diskoa aurkeztu ahal izatea. Azarotik aurrera, agenda gehiago osatzea espero dugu.

Gaztea izan arren, dagoeneko ibilbide luze eta ezaguneko musikaria zarelako izango dute konfiantza zugan...
Azken diskoa plazaratu nuenetik bost urte igaro dira, eta bi zuzenean aritu ez naizenetik. Ez dakit jendeak zelan erantzungo duen. Ematen du bost urte ez direla asko, baina badago zalantza jendeak zelan hartuko zaituen hainbeste denbora oholtzetatik kanpo eman ostean. Edozelan ere, sentsazio oso onak izaten ari naiz: askok esan didate bazela sasoia, gogoa dutela disko berria entzuteko.

Orain urte bi zugaz azken elkarrizketa eduki genuenean, beste diskorik ez zenuela kaleratuko esaten zenuen.
Bai, haserre nengoen... Managerragaz eduki genituen arazoen ostean, musika guztiz alboratu nuen, denbora batez. Urtebete inguru eduki nuen gitarra fundan gordeta. Baina, berreskuratu dut indarra. Gainera, aurten asteburuetan dihardut lanean, eta diskoan lan egiteko denbora gehiago izango nuelako ekin nion proiektuari. Igaro nituen momentu txarrak, baina baikor nago berriro, eta kantuetan saiatu naiz hori islatzen. Jendeari bultzada bat eman gura nioke nire kantekin.

Baina, zure kantetan beti agertu da baikortasuna.
Bai, baina honetan gehiago agertzen da positibitate hori. Formatu honegaz oso gustura sentitzen naiz. Lehenengo hiru diskoak rockeroagoak ziren, taldeagaz jotzen nuen. Hauek jendeagaz konexio zuzenagoa edukitzea ahalbidetzen didate, intimoagoak dira. Hasi ere horrela hasi nintzen, eta oso gustura dihardut.

Hasi zinenetik inguruan eduki duzun hainbat jendek kolaboratu du ‘Bizi’ diskoan. Gorosabelek, Elorzak...
Diskoaren zati bat Iñaki Elorzagaz grabatu dut Estoldetan-en, eta ahotsak eta nahasketak Lorentzo Records-en. Istorio bitxia izan dut Aitor Gorosabelegaz ere: bikotekideak Bizirik gaude diskoa oparitu zidan, eta lehenengo kantak “ez etsi orain, garai txarrak ez dira betiko” esaten du. Niretzako mezutzat hartu nuen, eta sortu berri nuen kanta, Bizitzaren musika, Gorosabeli erakutsi eta grabazioan kolaboratzea eskatu nion.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!