50 urteren ostean, hainbat berriztar berriro elkartuko dira

Anboto 2016ko ira. 28a, 10:40

Zapatuan beraien sorlekuan elkartuko dira berriro, Berrizen, orain 51 urte herriko abadea zen Don Ion Onandiak oporretan eraman zituen lagunak.

Herriko abadeari bururatu, eta oporretan lagunekin lehen aldiz egoteko aukera izan zuten hainbat gaztek, duela mende erdi. Lehenengo urtean 12 bat mutikok Larrunen, eta hurrengoan 30 bat neska-mutilek Orreagan izan zuten lagunartean egun batzuk pasatzeko aukera, beraien eguneroko bizimodutik aldenduta.

“Don Ion Onandia abadeari esker, herriko hainbat gaztetxok une politak bizi izan genituen hamasei bat urtegaz”, aitortu du Juan Luis Gorroño topaketa honen antolatzaileak.

Gainera, opor haiei esker, beraien arteko harremana sendotzeaz gain, Orreagako herritarrekin hartueman estua sortu zuten.  Gorroñoren hitzetan, “gure artean giro paregabea sortu zen, eta Orreagako ehun bat lagun Berrizko jaietara etorri ziren”.

Harreman on hori gogora ekarri eta duela mende erdiko pasadizoak gogoratzeko asmoz, urriaren 1ean, mahai inguruan batuko dira hogei bat berriztar, beraien artean, Don Ion Onandia abadea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!