'Bizi' disko berria aurkeztu du, Etxek, Bilbon

Anboto 2016ko ira. 22a, 17:00

Bilboko Campos Eliseos antzokian aurkeztu du Iñaki Etxezarraga Etxek bere disko berria, gaur. Berriztarraren bosgarren diskoa da Bizi.

Kutsu baikorreko letrak dituzten hamar kanta biltzen ditu diskoak, eta bere gitarra akustikoagaz eta Iban Gurrutxaga gitarristak lagunduta aurkeztuko ditu, datozen asteetan.

Urriaren 1ean, Berrizen hasiko du Etxek disko berriaren aurkezpen bira. Mikel Deunaren ermitan joko du. Bere herriko kontzertuaren ostean, urrian, Bilbon, Donostian, eta Amurrion eskainiko ditu kontzertuak, azaroaren 4an Durangoko Plateruenean, eta 18an Tolosako Bonberenean.

Nabari taldean ibili eta gero, 2004an hasi zuen Etxek bere bakarkako ibilbidea, eta Berrizko Gaztetxean antolatzen zuten Aldapa maketa lehiaketa irabazi zuen urte horretan. Maketa lehiaketako sariagaz grabatu zuen bere lehenengo diskoa. Azkena 2011n kaleratu zuen, Haize berri bat izeneko akustikoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!