Berrizko udaletxea kontzertu baterako eszenatoki, egun batez

Anboto 2016ko ira. 15a, 14:00
Argazkia: Koldo Orue.

Kontzertu baterako eszenatoki bihurtu zuten, joan zen barikuan, bost orduz, Berrizko udaletxeko pleno aretoa. Bere herriko udaletxea aukeratu zuen Gaizka Izagirre bideogileak The Wizards talde bilbotarraren bideoklipa grabatzeko.

“Pleno aretoa estetikoki oso polita delako, eta herrian grabatu gura izan dugunean beti erraztasunak izan ditugulako aukeratu genuen han egitea”, dio Izagirrek. Izagirregaz batera, Txaber Agirre elorriarra jardun zen produkzio lanetan, eta Ibai Elorza berriztarrak egingo du bideoaren posprodukzio lana.

The Wizards taldeak urte amaieran edo hurrengo urte hasieran aurkeztuko duen disko berriaren bideoklipa osatuko dute joan zen astean Berrizen grabatutako irudiekin, eta disko berriaren promoziorako erabiliko du Bilboko musika taldeak.

Ibai Elorzak eta Gaizka Izagirrek hainbat aldiz egin izan dute elkarregaz lan. Zea Mays taldearen Negua joan da-ta kantaren bideoklipa beraien ekoizpena da, esaterako. 2011n sareratu zutenetik, milioi bat eta zazpiehun mila ikustaldi baino gehiago izan ditu bideo horrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!