Berriz Susaren esleipen prozesuari buruzko dokumentazioa eskatu dute udaletxean

Anboto 2016ko eka. 20a, 14:13

Duela hilabete inguru sortu zen Berriz Zergatik? plataformako kideek Berriz Susaren esleipen prozesuari buruzko dokumentazioa eskatu dute, gaur, udaletxean.

Plataformako kideek ondorengo dokumentu hauen kopiak eskatu dituzte udaletxean: 1999an Berrizko Udalak Susa sortzea erabaki zuen plenoko akta, Abaroa S.Aren alde 2003an egindako esleipen-proposamena eta esleipen-akordioaren akta, esleipen honen errekurtsoan Susak egin zituen batzar guztien aktak, Susak egindako esleipena onartzeko Berrizko Udalak erabili zituen txosten juridikoa eta teknikoak, Susaren eta Berrizko Udalaren arteko harreman ekonomikoa zehazten duen txostena... Horrez gain, udaletxean batu diren plataformako kideek adierazi dute aldez aurretik jakin gura dutela eskatutako kopien balio ekonomikoa zenbatekoa izango den.

Berriz Zergatik? plataformako kideek adierazi dute ez dabiltzala "inoren kontra" eta herriarentzat "justua" dena defendatzen dutela.

Sinadura bilketa

Bestalde, Berriz Zergatik? plataformako kideek duela aste batzuk hasitako sinadura bilketarekin aurrera darraite. Dagoeneko 800 sinadura inguru batu dituztela adierazi dute. Horrez gain, sinadura bilketarekin jarraituko dutela eta adin nagusikoa den edozein herritarrek sinatzeko aukera duela adierazi dute.

Horrez gain, hurrengo asteko eguaztenean, arratsaldeko 20:00etan, egingo duten batzarrera hurbiltzeko deia luzatu diete berriztarrei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!