Berrizen XXII. Umeen Euskal Jaia ospatuko dute domekan

Anboto 2016ko mai. 19a, 09:30

10 urteren ostean, berriro ere Umeen Euskal Jaia egingo dute Berrizko kaleetan zehar, domeka honetan. Iremiñe eta San Lorentzo Dantza Taldeek, udalaren laguntzagaz, XXII. Umeen Euskal Jaia antolatu dute maiatzaren 22rako.

Domekan, 13 taldetako 300 bat umek Berrizko kaleak alaituko dituzte euren dantza saioekin.11:00etan, Berrizen bilduko diren 11 taldeei harrera egingo diete, eta 11:30ean, kalejiran irtengo dira herriko kaleetatik.

Kalejiraren ostean, 13:30 inguruan, talde guztiak frontoian elkartuko dira. Gero, umeak bazkaltzera joango dira herriko etxe, taberna eta elkarteetara. Bestalde, 14:00etan, herriko tabernetatik zehar trikipoteoa egongo da trikitilariek lagunduta.

Arratsaldean, berriz,  16:30ean, ume guztiak frontoian batu, eta 17:00etan alardeari ekingo diote.  
Eguneko azken dantza saioa  Olakuetako plazan egitea aurreikusita duten arren, euria egiten badu kiroldegian egingo dutela esan dute Umeen Euskal Jaiko antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!