Pablo Berasaluze omentzeko pilota partidu profesionala jokatuko dute Berrizen maiatzaren 27an

Anboto 2016ko mai. 18a, 13:16

Berasaluze bera izango da jokatuko duenetako bat. Ibai Zabalagaz osatuko du bikotea. Jaialdian zehar sorpresa bat baino gehiago prestatu dizkiote berriztarrari.

Berrizko Udalak antolatuta Pablo Berasaluzeri omenaldia egingo diote maiatzaren 27an. Pilota partidu profesional bi jokatuko dituzte udal pilotalekuan eta horietako batean Berasaluze bera izango da protagonista. Jaialdian zehar “sopresak” izango dira Berrizko pilotariarentzat Orland Isoird alkateak azaldu duenez: “Pabloren goi mailako ibilbidea aitortu gura dugu eta baita 1998an debutatu zuenetik Berriz herriaren izena zabaldu izana ere”. Berasaluzek esker oneko berbak izan ditu: “Ni pilotari moduan hemen sortu nintzen eta nire ibilbideko azken txanpako egunik politena edo politenetakoa izango da. Urte asko joan dira Berrizen azkenekoz jokatu nuenetik”.  Berasaluzek Berrizen jokatu zuen azken aldia 2001eko apirilak 21ean izan zen, Julian Albizuri berriztarraren debuteko partiduan: Olaizola Iak eta Albizurik Berasaluze II eta Errandonearen kontra jokatu zuten.

Datorren barikuko jaialdiko partidu nagusian Berasaluzek Ibai Zabalagaz jokatuko du. Bikote berriztarra Danel Elezkanoren eta Alvaro Untoriaren kontra ariko da. Zabalak profesional daramatzan urteetan Berrizen jokatuko duen lehenengo aldia izango da. “Baneukan herrian jokatzeko gogoa”, dio. Berasaluzeren omenaldi partiduan parte hartzea “ohorea” bat dela gaineratu du: “Alde batetik, penatxoa dut hemendik apur batera ez delako gurekin jokatzen ariko eta bestetik poza partidu honetan parte hartzeko ohorea dudalako”.

Barikuko jaialdia 21:00etan hasiko da. Lehenengo ekitaldiko laguntzaile izan den Oizpe pilota elkarteak pilota partidu bi antolatu ditu: nesken paleta gomako eta mutilen esku pilotako bana. Ostean, Agirrek eta Galarzak Arteaga II-aren eta Apraizen kontra jokatuko dute.

Sarrerak eguen eta barikuan salgai

250 bat sarrera jarriko dituzte salgai. Bihar eta etzi (maiatzak 19 eta 20) erosi daitezke, 18:30etik 20:30era Berrizko udal pilotalekuan 20 euroren truke. Egun bietan sarrera denak saltzen ez badira beste egun batzutan ere eskuragarri jarriko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!