EH Bilduk EAJri herritarren aurrean "aurpegia emateko" eskatu dio

Anboto 2016ko mai. 11a, 14:13

Berrizko Udalari jarri dioten isunaren aurrean EAJri "aurpegia eman eta erantzun bat emateko" eskatzen dio EH Bilduk.

2003an Berriz Susa hirigintza-sozietateak, 1999etik sortuta zegoenak, egindako esleipen oker baten ondorioz Berrizko Udalak 1.823.525 euroko zigorra ordaindu beharko du.

EH Bilduko kideek diotenez: "EAJri erantzunkizunak hartzea eskatzen diogu. Herritarren aurrean arpegia emateko ordua dute eta". Gainera, berriztarrek "hauen" erruz izango dituzten ondorioak "ikaragarriak" izango direla eta gutxi batzuk egindako "lan zikina" herritarrek ordaintzea "onartezina" dela diote.

Niko Moreno Bizkaiko EH Bilduko kideak Berrizkoa lan "beltzaren" beste adibide argi bat dela adierazi du. Eta, Berriz Susan egon ziren horiei "erantzunkizun politikoa" eskatzen dietela eta "denak" arpegia eman eta inor "eskutuan" geratu ez dadila esan du.

EH Bilduko kideek adierazi dutenez, sententzia "argia" da, eta bertan, ikus daiteke Berriz Susak bere lanak "oker" egin zituela. Sententziak dioenaren arabera, Margarita Maturanako etxeak eraikitzeko esleipena egiterakoan Abaroa SA enpresak ez zituen dokumentazio guztiak aurkeztu. Hala ere, Berriz Susako Administrazio Kontseiluko kide ziren EAJko hiru kideek, PSE-EEko biek eta PPkoak obra Abaroa SAri ematea erabaki zutela diote.

EH Bilduko kideek adierazi dutenez, "2003an salaketa hau jarri eta honekin aurrera jarraitu dutenak Jauregizar SAkoak izan direla, hau da, prozesu honek ez duela judizializazio politikorik izan". Hala ere, Karmen Amezua zinegotziaren arabera, EH Bildu momentu oro egon dela Berriz Susa desegitearen alde. Amezuak gaineratu du, 2008an PSE-EEko zinegotziaren azken momentuko bozka aldaketa bategatik izan ez balitz Berriz Susa "disolbatuta" egongo zela.

Ikerketa prozesua

Horrez gain, EH Bilduko kideek jakitera eman dute, gobernu taldeak ikerketa prozesu bat martxan jartzea gura dutela.  "Norbaitek onunarik jaso zuen edo horren ostean zerbait zegoen jakitea nahi bada, gu prest gaudela esan diegu", adierazi du Amezuak. Hala ere, Amezuak gaineratu du,ikusi egin beharko dela ikerketa egiten den edo ez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!