"Berriro sortzen hasteko aitzakia izan da erakusketa honen prestaketa"

Anboto 2016ko api. 24a, 10:00
Plastika irakaslea da Zabala berriztarra

Eskarne Zabala Arte Ederretan lizentziatua da, eta plastika irakasten du. Hainbat urtez sorkuntza albo batera utzita eduki ostean, bere herriko Kultur Etxean ipini du erakusketa. Apirilaren 29ra arte egongo da ikusgai.

Noiz eta zer ideiagaz egindako lanak dira Berrizko erakusketan ipini dituzunak?
Erakusketa honetarako sorturiko lanak dira. Zortzi-bederatzi urtez margotu eta grabatuak egin barik egon eta gero, berriro sortzen hasteko aitzakia izan da erakusketa hau.

Zergatik utzi zenuen hainbeste urtez sorkuntza?
Ez dut asko pentsatu horretan, baina izan daiteke presio sentsazio bat neukala: erakusketak eta beste hainbeste gauza egin behar nuela sentitzen nuen, eta asko kosta izan zait beti nire lana erakustea.

Erakusteak zer dauka hainbeste eragiten dizuna?
Nire parte bat jendaurrean ipintzen dudala sentitzen dut. Kanpotik ikusten duena ez da ohartuko, beharbada, baina lan hauetan nire barruko parte bat erakusten dut, eta besteek ikusiko dutela pentsatzeak lotsarazi egiten nau.

Lehenago ere egin izan dituzu, baina, erakusketak.
Bai, Durangon, Berrizen eta Portugaleten, adibidez. Baina, tentsio handia sortu izan dit beti nire lana erakusteak. Beti ibili izan naiz beldur horren kontra borrokatzen.

Zein izan da erakusketako lan hauek egiteko prozesua?
Margogintza eta grabatu teknikak nahastuz, kobrezko xaflen gainean egin dut lan. Oso gustuko dut kobrea, ematen dituen aukerengatik. Oso luzea da xaflak prestatzeko prozedura: ondo pentsatu behar duzu non nahi duzun grisak egotea, non ilunak... Gero, xafla hori zulatu eta nahi duzun irudia egin ondoren, azidotan sartu, eta tinta eman... Horren guztiaren gainean hasten naiz margotzen.

Prozesu kimikoaren ondorioz, zure kontrolpetik kanpo hainbat aldaketa gertatuko dira egindako lanean...
Bai, irudi bakarrak dira erakusketakoak, monotipoak esaten zaie: ezin dira berriro errepikatu. Kobrearen gainean margotu eta estanpa bat egiterakoan, ez dakizu sekula zer gertatuko den: tintaren arabera, giroko tenperaturaren arabera... desberdina da emaitza.  

Natura eta geometria dira zure koadroetako gaietako batzuk.
Bai. Orain arte irudi errealistagoak landu izan ditut, baina, esperimentatu egin gura nuen oraingoan. Konposizioaren inguruan egin dudan gogoeta baten ondorioa da erakusketa: konposizio naturalaren eta artifizialaren loturaz jardun gura izan dut. Zientzia aldizkarietako nanoirudiak hartu ditut serie bat egiteko oinarri, adibidez.

Zer lekutan egiten duzu lan?
Bilbo Arteko grabatuko tailerrean egin ditut erakusketako lanak. Lanerako behar ditudan makinak erabiltzen uzten didate han. Irailean hasi nintzen joaten, erakusketarako lanak sortzeko ideia buruan neukala.

Asko sortu duzu hilabete gutxitan. Zelakoak izan dira tailerreko orduak?
Ordu asko eman ditut tailerrean, eta jo eta ke ibili naiz lanean. Baina, edozelan ere, asko disfrutatzen dut tailerrean: asko gustatzen zait esperimentatzea, materialak ukitzea... Bilbo Arten sartzen naizenean, mundua ez da existitzen...

Plastika irakaslea da Zabala berriztarra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!