'Heroiak' antzezlanean gerrako beterano izango dira Soroiz, Uranga eta Agirre, zapatuan

Anboto 2016ko ots. 11a, 16:30

Heroiak antzezlanak geldialdia egingo du asteburuan, Berrizen. Zapaturako jarri dute hitzordua,  20:00etan, kultur etxean. Jose Ramon Soroiz, Kandido Uranga eta Ramon Agirre dira antzezlaneko protagonistak. Gerran aritutako hiru soldaduren papera egiten dute, eta zaharren egoitza batean daude. René errena da, Gustavek agorafobia du, eta Fernandek zorabioak ditu buru barruan duen metraila zati baten erruz. Hiru beteranoek egoitza horretatik ihes egitea pentsatzen dutenean hasiko da abentura.

Ekoiztetxeko arduradunek azaldu dute antzezlan hau ikusi zutenean, “harrapatuta” gelditu zirela.  “Antzezlan hau ikusi genuenean hunkituta gelditu ginen. Denetarik dauka”, azaldu du Xabier Agirre Txalo ekoiztetxeko arduradunak. Umoreaz gainera, oinarrian dramatismoz betetako istorioa kontatzen dutela aurreratu du Agirrek. “Bizitzan beti aurrera egin behar dela azaltzen du obra honek, egoera larrian egon arren. Gaineratu duenez, “protagonistetako batek metraila pusketa bat du buruan, baina, hala ere, ez du hiltzeko gogorik. Aurrera egin nahi du. Horregatik ikusten du leku horretan jarraituta hil egingo dela. Horregatik ihes egin gura du. Beste bi protagonistek ere, bakoitzak bere arrazoiengatik, handik irten gurako dute”. Hortaz, antzezlan osoa umorez bustita dagoen arren, bere sakontasunean, aurrera ateratzeko bidea bilatzeko ibilbidea azaltzen da.

Antzezlanaren egilea Gerald Sibleyras da. Testu hau Maribi Arrietak frantsesetik gaztelaniara itzuli du. Ondoren, Ramon Agirrek gaztelaniatik euskarara itzuli du.

Zapatuan Berrizera joateko modurik ez dutenek martxoaren 18an beste aukera bat izango dute, Elorrioko Arriolan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!