Nagusien egoitzara sartzeko igogailua eskatu dute aurrekontu parte-hartzaileen batzarretan

Anboto 2016ko ots. 8a, 10:35
Berrizko anbulatorio zaharretik nagusien egoitzara jarriko lukete igogailua.

Jubilatuen etxeko sarbidea hobetzeko, anbulatorio zaharretik igogailua eraikitzea proposatu dute udal inbertsioen zati bat nora bideratu erabakitzeko batzarretan. Igogailuak 82.500 euroko aurrekontua izango luke, eta auzokideekin berba egin eta gero, erabakiko dute proiektua zelan gauzatu.

Igogailuaren ekimenaz gain, espaloietan laban ez egiteko tratamendua ematea ere onartu dute, 8.000 euroko aurrekontuagaz. Hirugarren egitasmorik bozkatuena futbol zelaiko taberna ingurua estaltzeko pergola da, eta, horretarako, 22.000 euro beharko dira. Guztira, foroetatik bideratzeko 100.000 euroak gainditu direnez, pergola egiteko itxaron egingo dute.

Auzoetan, bestalde, 50.000 euro non inbertitu erabaki behar zuten, eta auzoetan ganadua errepidera ez irteteko langa kanadiarra jartzea onartu dute. Bilbatuatik Sarriako eskola zaharrerako asfaltoa ere konponduko dute, aldapa hori labankorra delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!