150.000 euro zertan inbertitu bozkatuko dute aste honetako batzarretan

Anboto 2016ko urt. 18a, 11:02

Udal aurrekontuko 150.000 euro zertara bideratu erabakitzeko foroak aste honetan amaituko dira. Abenduan 40 ideia inguru batu ziren lehen batzarretan, eta orain, teknikariek balorazio teknikoa eta ekonomikoa egin ostean, proposamenetatik zein aukeratu erabakitzeko ordua da. Martitzenean herriguneko batzarra egingo dute, eta eguenean, auzoetakoa.

Bideragarri izan daitezkeen inbertsioen zerrenda ezagutaraziko dute batzarretan, eta herritarrek bozkatzeko aukera izango dute.

Aurrekontu parte-hartzaileen foroak bitan banatuta daude; herriguneko inbertsioetarako batzarra dago batetik, eta auzoetakoa, bestetik. Martitzenean, herriguneko batzarra egingo dute, eta eguenean, auzoetakoa. Batzarrak 19:30ean hasiko dira, kultur etxean.

Herrigunean inbertitzeko 100.000 euro nora bideratu erabaki behar dute, eta auzoetako ekimenetarako, 50.000 euro dituzte zertan inbertitu erabakitzeko.  

31 partaide

Abenduko batzarretan hogeita hamaika berriztarrek parte hartu zuten; hogeik herriguneko foroan eta hamaikak auzoetakoan. Herritar norbanakoak eta elkarteetako ordezkariak izan dira batzarretan. Orland Isoird alkateak batzarretara joateko gonbidapena egin du, eta udal teknikariek hilabetean egindako lana eskertu du: “lan handia da proposamen guztiak aztertu eta baloratzea”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!