Donien Atxa tabernarik taberna poteoan ibiliko da gaur, berriztarrekin

Anboto 2016ko urt. 15a, 09:00

Herri askotan, Donien Atxa jasota hasten dituzte jaiak. Plazara batu aurretiko poteoa ere ohitura zabaldua da. Berrizko San Antonio jaietan ere erritual bera errepikatzen dute urtero, baina berezitasun propio batekin: Donien Atxa tabernarik taberna eramaten dute poteo orduan, plazan altxatu aurretik. Duela hamar urte hasi zen ohitura horren inguruan gehiago jakin gura izan du ANBOTOk.


Orain hamar bat urte sortu zen ohitura hori. Urte askoan, Olakueta auzokoek jasotzen zuten Donien Atxa. Gero, jende faltagatik, udalak hartu zuen zeregin horren ardura, eta garabi baten laguntzagaz jartzen zuten. Baina, lagun talde batek ohitura hori berriro herritarrengana zabaltzea erabaki zuen: “Orduan irten zen ideia. Zergatik ez dugu Donien Atxa geurekin eramaten aurreko poteora?  Broma moduan egin zen komentarioa… errealitate bihurtu zen”, gogoratu du ekimenean parte hartzen duen Juan Cruz Elvirak.  

Donien Atxa, gaur, 20:30 inguruan jasoko dute, eta poteoa 19:00 inguruan hasiko da. Trikitilariek lagunduta, tabernarik taberna ibiliko dira 18 bat metro luzeko Donien Atxa lepoan hartuta, eta taberna barruetara sartuko dute. Taberna bakoitzak bere berezitasunak ditu: “Baina urteak joan ahala, bagabiltza taberna bakoitzeko berezitasunak ikasten. Esaterako, Pedro Juan jatetxean ezin dugu atetik sartu, luzeegia delako. Beraz, mutur bat alboko leihotik sartu, eta barran pausatzen dugu bertan gauden bitartean”. Gorago dagoen Fonda tabernak ere badu bere zera: “Kanpoan geratzen den aldea bide erdiraino heltzen da, eta trenbidea ere gertu dago. Beraz, aguazila edo gutako nor edo nor egoten da han,  zaintzen, auto gidariei abisu emateko, behar izanez gero”.

Tabernarik taberna ibili ostean, plazan batzen dira Donien Atxa altxatzeko. Aurten ere ez da apusturik faltako: lehenengoan jarriko dute, erori egingo da, ez da eroriko… “Ohitura da han-hemen porratxoak sortzea. Jartzerakoan, oraindik sekula ez zaigu erori”. Kentzerakoan, ordea, erori egin zitzaien behin, eta udalak urte horretan jarritako kale argi berrietako bat apurtu zen.

Donien Atxa jaso ostean, taberna batean batzen dira mokadu batzuekin indarberritzeko. Urtetik urtera, tabernak txandatu egiten dituzte, eta, aurten, Pedro Juanen batuko dira. Jaien azken egunean ere berdin egiten dute. Donien Atxa kendu ostean, afaritara batzen dira jaiei errematea emateko. Honetan ere, txandaka ibiltzen dira, eta, aurten, Juliantxu jatetxean batuko dira.

Gazteei deia
Donien Atxa jartzeko tradizioari luzaroan eutsi gura diote, baina badakite, epe luzera begira, erreleboa beharrezkoa dela. Horregatik,“deia luzatu gure diegu Olakuetako gazteei etorri daitezen, Donien Atxa gugaz jartzen”.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!