Udan Mozambiken bizi izandakoa, 'Kapulana bat zintzilik' emanaldian eskainiko du Miren Amurizak

Anboto 2015ko urr. 7a, 10:30
Eider Eibar ilustratzailearen laguntzagaz prestatu du Amurizak biharko aurkezpena.

Arrasateko Mundukide Fundazioagaz elkarlanean burutu du Miren Amurizak Mozambikera bidaia, uda honetan. Eta esperientzia horretatik sortutakoa da Kapulana bat zintzilik izeneko proiektua. Berrizko kultur etxean eskainiko du lehenengoz, bihar, 20:00etan hasita.

15. urteurrena bete du Mundukidek, eta Fundazioaren lanaren inguruko argazki eta testu erakusketaren osagarri, Mozambiken bizitakoaren kontakizuna egingo du erakusketa ipintzen den lekuetan, Amurizak. “Erakusketa oso informatiboa da, eta horren osagarri proposatu zidaten zerbait sortzea”, azaldu du.

Mozambiken egin dituen argazki eta testuetan oinarrituz, ilustrazioak lantzea proposatu dio, bestalde, Amurizak, Eider Eibar ilustratzaileari, eta erakusketaren aaurkezpean erakutsiko dituzte.

Berrizen aurkeztuko du bertsolari berriztarrak Kapulana bat zintzilik erakusketa, eta domekara arte kultur etxean egongo da ikusgai. Mozambikeko andrek janzteko, edo ortuan landatuko dituzten haziak, jasotako ortuariak, edo umeak eramateko baliatzen duten oihalari egiten dio erreferentzia erakusketaren izenburuak.

Iazko otsail-martxoan proposatu zioten Mozambikeko proiektua bertatik bertara ezagutzea, eta bidaia horrek sortutako sentsazio eta gogoetatik sortzea. “Oparia izan da”, Amurizaren berbetan.

Mozambike iparraldeko Marrupa eskualdean bost astez egon da Amuriza, Mundukideren nekazaritza kooperatiboko proiektuak bertatik bertara ezagutzen.

Azaldu duenez, “hara joan orduko, zer egingo nuen pentsatzen hasi nintzen, eta hainbat ideia bururatu zitzaizkidan: hango adineko pertsonekin mitoei buruz berba egitea, poskolonialismoaz edo feminismoaz gogoeta egitea.... Baina han egonda konturatu nintzen horrek ez zeukala ez hanka eta ez buru”.

Deskribapenak
Bere kontakizunean, topikoetan ez jaustea izan da Amurizaren ardura nagusietako bat, eta oso argi eduki du baita, ez zuela “panfletorik egin nahi”, ezta “gure diskurtsotik aritu” ere.

Topikoak, orokorkeriak eta teorizazioak ekiditeko, deskribapenak dira Amurizak proiektu honetarako sortu dituen testuak; bertso zein ipuin forman eman dituenak, esaterako. “Entzule bakoitzak bere ondorioak atera ditzan”. Pertsonak, lekuak eta egoerak deskribatzen dituzte Mozambikeri buruzko testuek.

Sei gai dira Kapulana bat zintzilik erakusketarako Amurizak sortu dituen testuen ardatzak: Mozambikeko historia, Mundukide eta kooperazioa, haurtzaroa, emakumearen egoera,  eta Afrikaren inguruan guk daukagun ikuspegia.

Egoera gordina den arren, Mozambikeko jendearengan duintasuna topatu duela dio Miren Amurizak: “Ez dut eskurik eskean ikusi; beharrean aritutakoak baizik, zikindutakoak”.

Abenduan Zaldibarrera eroango dute erakusketa. Horren aurretik, Ezkio-Itsason, Gernikan eta Oñatin ere erakutsiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!