Txomin Pinilla: "Oso maila handiko margolariengandik ikasteko aukera ere bada pintura lehiaketa"

Anboto 2015ko mai. 14a, 09:19

Berrizen egindako hamaseigarren pintura lehiaketan, berriztar onenari emandako saria jaso du Pinillak: "Lehiaketa egunean koadroa egiteko hain denbora gutxi edukitzeak sortzen du tentsioa".

Zelako giroa egon zen zapatuko lehiaketan?
Ederra izan zen. Egia esan, urtero egoten da oso giro polita; izan ere, partaide askok aurreko urteetatik ezagutzen dugu elkar. Oso maila handiko margolariengandik ikasteko aukera da lehiaketa: gomendioak eman izan dizkidate, eta euren jarduteko modutik asko ikasi dut.

Noiztik parte hartzen duzu aire zabaleko lehiaketa honetan?
Lehiaketaren hamaseigarren edizioa izan da aurtengoa, eta lehenengo bietan izan ezik, guztietan hartu dut parte.

Maila handiko margolariak etortzen dira parte hartzera.
Itzelezko maila duten margolariak etortzen dira. Asko Arte Ederrak ikasitakoak izaten dira, eta oso azkar egiten dute lan. Ideiak oso argi edukitzen dituzte askok lehiaketaren hasieratik.

Tentsiorik badago lana hain ordu gutxian amaitzeko?
Tentsio apur bat egoten da, bai. Nire kasuan, egun batzuk lehenago erabakitzen dut zer margotuko dudan, eta proba batzuk ere egiten ditut. Lehiaketaren egunean, bestalde, koadroa egiteko hain denbora gutxi edukitzeak sortzen dizu estresa. Nahiko urduri egoten naiz, ikasteaz eta hobetzeaz gainera, irabaztea ere helburu izaten dudalako.

Berriztarra izanda, lanean zaudela jendea hurreratzen zaizu?
Lana egiteko aukeratzen duzun lekuaren arabera izaten da. Baserri inguruetan, esaterako, ez da jende askorik ibiltzen. Baina herrigunetik gertuago bazabiltza, jendea hurbiltzen zaizu zer egiten zabiltzan ikustera, gustuko dutela esatera edo gomendioren bat ematera.

Igartzen duzu urtero lan hobea egiten duzula lehiaketan?
Igartzen dut, bai. Eta aspaldiko koadroak ikustean, zera pentsatu izan dut: “Zelan saritu ninduten honengatik?”. Batez ere, koloreen erabilpenean igartzen dut garapena: koloreak askoz hobeto uztartzen ditut, adibidez. Bestalde, argitasunari eta bolumenari dagokienez, zein konposizioari dagokionez ere, sumatzen dut hobekuntzaren bat izan dudala.

Lehiaketa egunak ez direnetan ere kalera ateratzen zara zure koadroak margotzera?
Ez. Normalean, etxean egiten dut lan, horretarako atondu dudan gela batean. Sasoi batean, gehiago ateratzen nintzen kalera margotzera edo autotik paisaia bat magortzera... Behin, Berrizen lehiaketa zegoen batean, autoan ibili nintzen lanean, mihisea bolantean ipinita.

Zelan ikasi dituzu teknikak?
Eginez ikasi dut, eta besteengan arreta jarrita ere bai. Gaur egun, Internetek ere aukera asko eskaintzen dizkio ikasi gura duenari. Gaztetxea dagoen lekuan, behin pintura ikastaro bat egin nuen, eta han animatu ninduten txikitatik egiten nituen marrazkiei kolorea ematera.

Marrazteko zaletasuna, beraz, umetatik datorkizu...
Bai, oso txikitatik. Beti gustatu izan zaizkit komikiak, eta marrazkiak kopiatzen nituen umetan. Gero, urteetan jarraitu dut gogoko dudan horretan hobetzeko ahalegina egiten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!