Txapela lortzeko hirugarren aukera baliatu gura du Berasaluze II.ak

Anboto 2015ko api. 24a, 14:31

Pablo Berasaluze berriztarrak Binakako Esku Pilota Txapelketako finala jokatuko du domekan, 17:00etan hasiko den jaialdian. Aitor Zubietak eta biek, Oinatz Bengoetxea eta Álvaro Untoria izango dituzte aurkari.


Lehenengo mailan binakako finala jokatzen duen hirugarren aldia izango da. Aurreko bietan ezin izan zuen txapelik jantzi. Lehenengo aukera gazterik etorri zitzaion, 22 urtegaz. Ruben Beloki bizkarzain zuela, 17-22 galdu zuen Jorge Nagorek eta Inaxio Errandoneak osatutako bikotearen aurka. Bigarren finala ondo gogoan izango dute pilotazale guztiek. Partiduaren lehenengo zatian erori, eta Akilesen tendoia apurtu zuen. Txapela Juan Martinez de Irujorentzat eta Jose Javier Zabaletarentzat izan zen. Orain, 37 urtegaz, txapela janzteko hirugarren aukera baliatu gura du berriztarrak.

Aurrez aurre bikote borrokalari bat izango dute. Bengoetxea bere ibilbideko unerik gozoenetako batean dago; beti bezain zaila da berari tantoa egitea, eta arriskatzerako orduan inspiratuta dabil. Álvaro Untoria ordezko sartu zen txapelketan, eta lan aparta egin du. Iaz bigarren mailako buruz buruko txapelketa irabazi zuen, eta binakakoan txapeldunorde geratu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!