Julen Uribe: "Berrizek txirrindularitzagaz izan duen lotura Marinorengatik izan da"

Anboto 2015ko api. 26a, 10:00

Julen Uribe argazkilaria da aspalditik; umetatik gustatu izan zaizkio argazki kamerak. Horretaz gainera, txirrindulari sutsua ere bada berriztarra. Berriz Bizikletari Elkarteko kide da elkartea sortu zenetik.

Argazkiak eta bizikleta dira zure bi pasioak. Bizikleta hobby bat da eta argazkilaritza, ostera, lana?
Bai, bizikleta hobby bat izan da beti, ez naiz sekula goi mailako txirrindularia izan. Beti ibili izan naiz argazkilaritzaren eta bizikletaren munduan, baina orain baita esku pilotaren munduan ere, Aspeko argazkilaria naiz eta.

Zenbat urte daramatzazu argazkigintzaren munduan?
Argazkilaritzan 28 bat urte daramatzat, baina betidanik izan dut argazkilaritzarako zaletasuna, txiki-txikitatik izan dut kamera bat esku artean; Chocolates Chobilek ekartzen zituen kamera txiki horietako bat ere eduki nuela goratzen dut. Txikitatik gaur arte izan dut gustuko argazkilaritza.

Lehen esan duzun bezala, bizikleta zure hobbya da. Noiztik datorkizu bizikletarekiko zaletasuna?
Bizikletarekiko zaletasuna 7-8 urte nituenetik dudala esango nuke. Garai hartako bizikletek 25 bat kilo zituzten, eta haiekin ibiltzen ginen aurrera eta atzera herrian zehar.

Bizikletari zaren heinean, Berriz Bizikletari Elkarteko kide zara. Noiz sortu zen elkartea?
Zehatz mehatz ez dakit duela zenbat sortu zen, baina esan ahal dizut lehenengo presidentea Roberto Baiztegi izan zela, eta oroitzen naiz lehenengo taldeko zuzendariak Nestor Lejarreta eta neu izan ginela. Kadete mailakoa izan zen gure lehenengo taldea, eta lehenengo taldean hiru berriztar eta Zaldibarko bat izan genituen; horien atzetik beste hainbat batu zitzaizkigun. Jende nahikoa etorri zen proiektua aurrera bultzatzera, eta horietako bat edo beste gogorrak irten ziren.

Berriz betidanik izan da txirrindularitzagaz lotutako herria. Zergatik uste duzu izan dela hori?
Berrizek txirrindularitzagaz izan duen lotura zerbaitegatik edo norbaitegatik bada, Marino Lejarretarengatik da. Orain Marino ez dago, baina, hala eta guztiz ere, jende ugari ibiltzen da bizikletan astero edo egunero. Berrizen afizio dezente dago orain ere: urtean hainbat irteera antolatzen dira, eta, irteera horietaz gainera, asteroko zein eguneroko bueltatxoak egiten dituztenak ere badaude.

Lehen hainbat lasterketa egiten ziren Berrizen, orain gero eta gutxiago. Herrian zegoen grina hori desagertzen dabilela uste duzu?
Gertatzen dena da jende gutxi dagoela lanerako prest. Guk, 18 urtegaz, mutikoak lasterketetara eramaten genituen; adibidez, gaupasa baten ondoren, eta dena dohainik egiten genuen. Gasolina ere gure poltsikotik ordaindu behar izaten genuen, eta askotan umeei ogitartekoak ere erosten genizkien. Goizeko zazpietan jaiki, eta Zallara, Balmasedara edo beste zenbait lekutara joaten ginen. Gaur egun ez dago hori egiten duen inor.

Zer egin daiteke grina hori berriro pizteko?
Txirrindularitza eskola sendo bat sortu beharko litzateke berriro. Mutikoek, normalean, futbolera jotzen dute, txirrindularitzan izena eman beharrean. Txirrindularitza arriskutsua izan daiteke, eta, horregatik, bizikleta asko gustatzen zaizun zerbait izan behar da, odolean eraman behar duzu. Berrizen badaude hiruzpalau txirrindulari, baina kanpoko taldeetara joan behar izaten dute, hemen ez dagoelako aurrera egiten lagunduko dien txirrindularitza talderik.

Gainera, bizikletak eurak ere nahiko garestiak dira.
Bai, horrela da. Taldeek diru-laguntza bat jaso beharko lukete: lehen horrela zen, behintzat. Orain ume batek txirrindularitzan hasi nahi badu, bizikleta bat erosi behar du, eta ez litzateke horrela izan beharko. Gaur egun, edozeinek ezin du dirua bizikleta bat erosten xahutu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!