Bonberenean aurkeztuko du Seiurtek 'Ezpalak'

Anboto 2015ko api. 15a, 15:10

Hamaikagarren grabazio lana lana aurkeztu du hogei urteko ibilbidea daukan Berrizko Seiurte taldeak. Bilbon egin du goizean Ezpalak izenburua daukan diskoa aurkezteko prentsaurrekoa, eta Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean estreinatuko dute, zuzenean. Horren ostean, maiatzean Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan beste bost kontzertu eskaintzekoa da laukotea. Maiatzaren 23an joko dute, esaterako, Durangoko Plateruena kafe antzokian.


Ezpalak diskoaren aurkezpen orrian, Fermin Etxegoien kazetariak esaten duenez, “inoizko sonoritaterik trinkoenaz ageri zaigu Seiurte disko berrian”. “Ezaguna da, betidanik, Seiurteren ahalmena melodia distiratsuak hegan jartzeko”, dio Etxegoienek, baina Ezpalak diskoan “taldeak haratago joatea lortu du; orain arte ezagutzen ez genizkion bertuteak, hala melodikoak nola erritmikoak, modu ezin bateratsuagoan ageri zaizkigu”.

Iñaki Elortza (gitarrista), Ekain Elortza (bateria) eta Iokin Elortza (gitarra eta ahotsa) anaiek eta Julen Oarbeaskoa  (baxua) taldekideak inoiz erakutsi duten nortasun artistikorik sendoenaren aurrean gaudela uste du Etxegoienek.

Zortzi kantuko diskoa da Ezpalak. Bandera zuria, Lau akordeen matxinada, Egun euritsuak, Road Movie, Ezpalak, Txernobil, 43. paraleloan, eta Profit izenburuko kantak biltzen dituena. Berrizko Estoldetan estudioan autoekoitzirikoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!