Presion Break beteranoen kluba Hirugarren Mailara igotzeko lehian

Anboto 2015ko ots. 20a, 10:57
Presion Break areto futbol taldearen familia argazkia

Presion Break lagun kuadrilla batek orain zortzi urte Berrizen sortutako areto futbol taldea da. Harrezkero ia jokalari multzo berari eutsi diotenez, urtea joan eta urtea etorri, Euskadiko ligetako talderik beteranoenetakoa  bihurtu da. Eta ezin daiteke esan lagun giroan oinarritutako talde egiturak txarto funtzionatu dionik. Zortzi urtean lau igoera lortu ditu, eta aurten ere Euskal Ligatik Hirugarren Mailara igotzeko borrokan sartuta dago.


Jonathan Herbella jokalariak 34 urte ditu, eta taldekiderik gehienak adin horren bueltan dabiltzala dio: “42 eta 44 urteko jokalari bana ere baditugu. Egia esanda, Euskal Ligan ez da batere ohikoa gure adin tarteko jokalariak ikustea. Gehienetan 20-25 urte arteko gazteen kontra jokatzen dugu”. Aurten lesio asko izaten dabiltza, eta, normala den moduan, sendatzeko prozesua ez da lehen bezain arina.

Apurka, gazteei atea irekitzen ari zaio taldea; orain urte bi Sapuberrin ibili zen Yelko Uribe taldera batuko da, urtebete kanpoan ikasten eman ostean, eta erasoko jokoa indartuko du.

Lesio eta guzti ere, mailaz igotzeko borrokan bete-betean sartuta daude Berrizko taldeko jokalariak. Liga amaitzeko hamar jardunaldiren faltan, laugarren daude, eta hiru talde igoko dira. Sei puntura dute Legorreta taldea, eta asteburuan alde hori murrizteko aukera ona dute, partidu bi jokatuko dituztelako: gaur, 20:30ean, Durangoko Landako kiroldegian Atxurre Bakioren aurka, eta, domekan, kanpoan, Eraso Aiararen kontra. Azken hori euritearen ondorioz atzeratutako partidua da.

Igotzeko eskubidea lortuz gero ere, ez dago argi igoera hori baliatuko luketen edo ez. Hirugarren Mailan gastu ekonomikoak asko hazten dira, eta arriskuak ditu. Esaterako, iaz Ermuak igotzea erabaki zuen, eta, gastuei aurre egin ezinda, taldea desagertu egin da aurten. Taldean “ilusioa dago”, dio Herbellak, baina, horretarako aukera badago, “ondo aztertu beharko dugu”. Orain urte bi uko egin zioten Maila Gorenetik Euskal Ligara igotzeari. Iaz, ostera, berriro igoera lortu, eta aukera baliatzea erabaki zuten, Berrizko Udalak lagunduta.

Federazioen erabakia
Joan zen asteburuan Bizkaiko eta Euskadiko federazioek bertan behera utzi zituzten futbol eta areto futbol jardunaldiak. Gai hori sakonean ez duela ezagutzen adierazi du Herbellak,  baina “logikoa” dela uste du taldeetako jokalariek, entrenatzaileek eta enparauek Ogasunean kotizatzea, eta federazioei autokritika eskatu die: “Dirua egitea besterik ez zaie ardura. Beti dabiltza exigitzen, baina sekula ez daude emateko prest. Ez zaie ardura taldeak larri dabiltzan edo ez. Ez diot nik bakarrik, beste askok berdina uste dute”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!