Haurreskolako gurasoentzat diru-laguntzak emango ditu Berrizko Udalak

Anboto 2014ko aza. 14a, 10:05

Aurrerantzean Berrizko Haurreskolako kuota ordaintzeko laguntza emango du Berrizko Udalak. Eusko Jaurlaritzak bekak ematen dizkie errenta txikiena duten herritarrei, Haurreskola ordaintzeko. Udalaren diru-laguntza beka horien osagarria izango da.  


Jaurlaritzak berak erabiltzen dituen errenta tarteak erabili ditu udalak diru-laguntzak finkatzeko. Gutxi gorabeherako ideia bat egiteko, hiru kideko familia batean, lehen errenta tartean 17.567 euro baino gutxiago dutenak daude; bigarren tartean kopuru horretatik 22.820 eurora artekoak; eta hirugarrenean hortik eta 34.352 euro arteko errentak.

Lehen tartean udalak ez du laguntzarik emango, tarte horretan daudenentzat delako Jaurlaritzaren beka. Haurreskolan egonaldi osoa egiten duten umeen gurasoen kasuan, bigarren errenta tartean daudenei 60 euro emango dizkie hilean udalak, eta hirugarren tartean daudenei 30 euro. Bost ordu baino gutxiago egiten duten umeei dagokienez, bigarren errenta tartean daudenei 40 euro emango dizkie hileko, eta hirugarren tartekoei 22,50 euro.

Abenduan egongo da diru-laguntzak eskatzeko lehen aukera, eta uda ostetik ordura arteko kuota hartuko da kontuan. Hurrengo deialdia ekainean izango da, urtarriletik ordura arteko kuotei dagokiena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!